GARA Euskal Herriko egunkaria
AZKEN PUNTUA

«E depois do adeus»


Kasualitate hutsa izan da hedabideei buruzko hausnarketek Portugalgo iraultzaren urteurrenarekin bat egitea. Krabelinen Iraultzan irratiak jokatutako papera gogoratu dut. Zabaldutako uste okerraren kontra, ez zen “Grandola, Vila Morena” izan apirilaren 25eko erreboltari hasiera eman zion abestia. Oraindik 24ko gaueko hamaikak bost gutxi zirenean, Paulo Carvalhoren “E depois do adeus” kantua entzuten hasi zen Emissores Associados de Lisboan eta hori izan zen militarrei dei egiteko lehen melodia. Behin gauerdia pasata hasi ziren zabaltzen «O povo è quem mais ordena» aldarrikatzen duen abesti eder historikoaren notak.

Egunotako eztabaidetara iristeko espainiar Gobernuko presidenteak hartutako hausnarketarako tartea izan dela zabalduko bada ere, jakin badakigu hona iristeko aurrekariak izan zirela. Uste okerrak tartean izanda ere, aukera aprobetxatu eta egin diezaiogun aurre aspalditik errotuta dagoen arazoari. Etengabeko manipulazioan oinarritutako hedabideen jokabideak ez du zerikusirik adierazpen askatasunarekin. Gu guztion askatasunaren aurkako estrategia darabilte, ahul eta defentsarik gabe nahi gaituztelako, etengabe zabaltzen dituzten gezurrak baliatuz. Eta ez dezagun ahaztu, hedabideak, egitateak jasotzeko ez ezik, erreboltetarako ere baliagarriak direla, 1974an bezala, egun ere.