GARA Euskal Herriko egunkaria

Elektrizitatearen %30 baino gehiagok jatorri berriztagarria izan zuen iaz


2023an munduan ekoitzitako elektrizitatearen %30 baino gehiago jatorri berriztagarrikoa izan zen, Ember ikerketa energetikorako zentroak atzo zabaldutako txosten baten arabera.

Mundu mailan, energia berriztagarriak 2000 urtean munduko ekoizpen elektrikoaren %19 izatetik 2023an %30 baino gehiago izatera igaro dira, batez ere eguzki energiaren gorakadaren ondorioz, baina baita energia eolikoarenaren ondorioz ere.

Ehuneko hori are handiagoa izan zitekeen ekoizpen hidroelektrikoa bost urtean punturik baxuenera iritsi ez balitz lehorteengatik, batez ere Txinan. Eguzki energia fotovoltaikoak eta eolikoak elektrizitatearen %13,4 sortu zuten iaz, 2010eko %2arekin alderatuta.

Emberren txostenaren arabera, hazkunde horrek mundua, «agian aurten», jatorri fosileko produkzio elektrikoa murrizten ikustera eraman lezake. «Sektore elektrikoaren emisioak murriztea saihetsezina da orain».

Estatuek 2023rako NBEren konferentzia klimatikoan (COP28) konpromisoa hartu zuten energia berriztagarriaren ahalmen globala hirukoizteko neurriak hartzeko hemendik 2030era; jatorri berriztagarriko elektrizitatearen %60 lortuko luke.