GARA Euskal Herriko egunkaria
PREISDENTE OHIA, EPAILEAREN AURREAN

Trumpen aurkako epaiketa uste baino gertaera larriagoak azaleratzen ari da

Porno aktore bati egindako ordainketagatik Donald Trumpen aurka egiten ari diren epaiketak lau aste bete ditu. Azken egunetako lekukoen adierazpenek agerian utzi dute hasieran uste zena baino askoz sakonagoa dela auzia. Besteak beste, 2016ko ordainketa hura neurri handi batean hauteskundeak irabazteko gakoa izan zelako. Hau da, historia aldarazi zuen.

(Angela WEISS | AFP)

Donald Trumpen kanpaina kolokan zegoen 2016ko hauteskunde-eguna baino hilabete lehenago. Orduko presidentegaia emakumeen aurkako jazarpenaz harropuztuta mintzatzen zeneko audioak argitaratu berri ziren, eta barne-inkestek boto-emaileak urruntzen ageri zituzten: Wisconsin, Michigan eta Pennsylvania demokratengana lerratzen ari ziren, eta Floridan, Ohion eta Ipar Carolinan berdinketa zegoen. Wisconsinen, Trump, puntu bateko aldea izatetik inkestetan, Hillary Clintonen atzetik 19 puntura egotera igaro zen egun gutxian.

Hilabete batzuk lehenago, “National Enquirer”-ek Karen McDougal aktore eta Playboy-ko modeloaren kontakizuna erosi zuen 150.000 dolarren truke; ez hura argitaratzeko, isilarazteko baizik. David Pecker aldizkariaren argitaratzaileak azaldu du epaiketan, «harrapatu eta hil» taktika erabili zutela Trumpen alde, halako istorioak zeudenean ez zitezen argitaratzera iritsi.

Emakumeen aurkako jazarpenen grabaketa Trump gogorren ari zen unean («izar bat zarenean, uzten dizute egiten, alutik heldu, edozer egin dezakezu», ziotson telebistako aurkezle bati), Stormy Daniels porno-aktore ohiak “National Enquirer” aldizkarira jo zuen. 2006an Trumpekin izandako sexu-harremana kontatzeko prest zegoen, hura ezkondu eta urtebetera eta semea jaio berri zela. Eskandaluak kanpaina hondoratuko zuela jakinik, Michael Cohen abokatuak aktorearen ordezkariarekin hitz egin zuen eta hark esan zion beste hedabide batekin argitaratzekotan zirela. Urriaren 27an, 130.000 dolar eman zizkion abokatuak Danielsenari. Biharamunean, James Comey FBIko buruak Clinton ikertzen ari zirela esan zuen, e-mailen kasuan datu berriak agertu zirelako; Trumpen mitin guztietan «espetxeratu ezazu» egiten zuten oihu. Handik hamaika egunera, Trumpen aurkako albisteak ezabatuta eta Clintonen aurkako polemikaren erdian, errepublikanoak irabazi zituen hauteskundeak (beranduago, Clinton ez zutela auzipetuko jakinarazi zuten).

Asteon Danielsen txanda izan da lekukoen tokian. Asteartean emandako testigantzan, 2006ko sexu-harremanaz detaile guztiak eman zituen, Trump bera amorrarazteraino. Une batean, Merchan epaileak presidente ohiaren abokatuari deitu zion: «Ulertzen dut zure bezeroa haserre egotea, baina nabarmen ari da madarikatzen, eta hori irain egitea da, lekukoari beldurra eragitea». Egiaz, ez zen orain arte ezagutzen ez zen ezer irten, lehen ere adierazpenetan eta liburu batean kontatu baitzuen Danielsek, baina Trump aurrean zeukala esateak berebiziko tentsioa ekarri zuen.

Epaileak behin baino gehiagotan ohartarazi dio Trump akusatuari jarrera alda dezala. Ez areto barruan bakarrik, baita bere adierazpen publikoetan eta sare sozialetan ere. Presidente ohiak agindu berezia dauka ez dezan kasuetako lekuko, epaile edo fiskalei buruz hitzik egin, haien aurka larderiaka ibil litekeelakoan.

Asteazkenetan epaiketa eten egiten da, eta ostegunetan jarraitu. Atzo berriz igo zen Daniels lekukoen oholtzara; Trumpen abokatuak asteartean baino zorrotzago galdekatu zuen; une batzuetan tira eta bira ibili ziren elkarri erantzunean, kontraesanen bila defentsa, diru bila asmatutako istorioa zela erakutsi guran, lekukoak bere testigantzari eusten zion bitartean.

Stormy Daniels da kasu honetan Trumpen aurka dauden 34 akusazioetako lekuko nagusietako bat. Bestea Michael Cohen da, Trump konpainiako abokatu eta buru izandakoa. Trumpen alde espetxean egon eta gero, bere nagusi ohiaren aurkari garrantzitsuenetakoa bihurtu da. Gaur bertan eman lezake bere testigantza.

ESANGURATSUA DA ZEINEN URDURI AGERTU DEN PRESIDENTE OHIA EPAIKETAN, ONDO BAITAKI ZENBAT DAUKAN JOKOAN.

Duela hilabete batzuk zeukan panoramaren aldean, oro har aurreikuspen hobea dauka haren kanpainak: 2020ko hauteskundeen inguruan dauden akusazio gehienak izoztuta daude. Asteon bertan datarik gabe atzeratu dute Etxe Zuritik eramandako dokumentuei buruzko epaiketaren hasiera. Georgiako bozketa manipulatzen saiatzearen akusazioa ere ez atzera ez aurrera dago; eta 2020ko irailaren 6ko Kapitolioaren erasoari buruzkoan, berriz, Gorenak erabaki behar du immunitatea dagokion ala ez. Baina ezetza balitz ere, erabakia ekainean iritsiko da, eta epaiketa nekez egongo litzateke prest udazkena baino lehen. Epairik egoterako, hauteskundeak igarota leudeke; Trumpek irabaztekotan, kasutik erretiratzeko agindu diezaioke fiskal nagusiari, eta kondena balu ere, bere buruari barkamena eman diezaioke.

Beraz, kasu hau da benetan Trumpentzat arriskutsua. Epaimahaiak erruduna dela ebatziko balu, Alderdi Errepublikanoak pertsona kondenatu bat izango luke hautagai Presidentetzarako. Eta badaki, itsu-itsu jarraitzen dioten milioika estatubatuar izanda ere, batzuentzat sekula igaroko ez duten marra gorria dela hori.