GARA Euskal Herriko egunkaria

23.000 langile eta 660 enpresa biltzen dituzte EAEko parke teknologikoek


Euskadiko Parke Teknologikoaren urteko jardueraren txostenean jasotzen denez, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan dauden sei campusetan 660 enpresa zientifiko-teknologiko daude, eta guztien artean 23.032 langile biltzen dituzte. Iaz 7.381 milioi euro fakturatu zituzten, aurreko urtean baino 900 milioi gehiago. Ikerketa eta garapenean 660 milioi euroko gastua izan zen guztien artean.

Zifra horiek erakusten dute Parkeak hedapen prozesuan segitzen duela, eta «zientzia eta teknologiaren euskal ekosistemaren abangoardian duen lekua sendotzen dute», txostenean esaten denez.

Azaldu dutenez, emakumeen presentziak gora egiten jarraitzen du arlo guztietan. Hala, 50 langile baino gehiago dituzten enpresen %65ek Berdintasun Plana dute, eta horrek «bultzada argia ematen dio Parke Teknologikoak arlo horretan duen apustu estrategikoari».

Enpresen plantilletan 1.275 profesional sartu ziren iaz, aurreko urtean baino %5,8 gehiago, gehienak kualifikazio handiko lanei lotuak.

Gizonezkoak langileen %60 dira, eta emakumezkoak, berriz, %40. Parkean dauden 660 enpresetatik 145, hau da, enpresa guztien %22, emakumeek zuzentzen dituzte.