GARA Euskal Herriko egunkaria
SASKIBALOIA

Hari fin baten gainean, Baskoniak ACB Ligako zortzigarren postua du helburu

Gasteiztarrek, Codi Miller-McIntyre eta Markus Howarden zalantzekin, zortzigarren amaitu ahal izateko Real Madrili irabazi beharko diote WIZink Centerren, eta Manresak Tenerifen galtzea ere behar dute. Bilbao Basketek Bartzelona jasoko du Miribillan.

Vanja Marinkovicek bikain bete zuen ostiralean, UCAM Murtziaren aurka, Markus Howardek lagatako hutsunea. (Raul BOGAJO | FOKU)

Hari fin batetik zintzilik, baina ACB Ligako titulurako kanporaketetan jokatzeko aukera bat mantenduz iritsi da Saski Baskonia Fase Erregularreko azken jardunaldira, eta ez da gutxi. Egia da gaur arratsaldean Real Madrili WIZink Centerren irabazi behar diola; egia da, halaber, Manresak lesioz josita dagoen Teneriferen kantxan galdu beharra duela, eta, emaitza biak gertatu ezik, 2023/24 denboraldia bertan amaituko dela talde gasteiztarrarentzat.

Manresak hemeretzi garaipen ditu, Saski Baskoniak baino bat gehiago, eta talde katalanak uneotan duen zortzigarren postua eskuratzea, beste helbururik ez dauka Baskoniak.

Baina ikusi egin behar, jokalarietatik zeintzuk eta zenbat erabil ditzakeen Dusko Ivanovicek. Chima Moneke apirilaren 16tik jokatu eta entrenatu ezinik dabil orkatilako lesio baten erruz. Codi Miller-McIntyren sorbalda ostiral arratsaldean jokatzeko ez bazegoen, 48 ordu beranduago -18.30ean hasiko baitira ACB Ligako azken jardunaldiko neurketa guztiak- nekez egongo da. Eta hori guztia aski ez eta iztondoan min hartu zuen Markus Howardek UCAM Murtziaren aurka 55 segundo jokatu eta gero. «Erresonantzia egingo diote zer duen zehazki jakiteko, baina ez dauka itxura onik», onartu zuen Ivanovicek ostiraleko partidaren ondoko prentsaurrekoan.

Howarden lekuan, 29 puntu, 9 errebote eta 5 asistentzia pilatuta, Vanja Marinkovic bikain aritu zen. Baita Chriz Chiozza ere, 15 puntu eta 7 asistentzia erdietsita. Hala jokatu beharko dute gaur ere.

REAL MADRIL ERE, BEHARREAN

Gezurra badirudi ere, madrildarrentzat ere ez da tramitea gaurko partida. Ostiralean Valentzia Basketen kantxan 99-93 galdu zuen Chus Mateoren taldeak eta, okerragoa dena, Gaby Deck hegaleko argentinarrak belauna lesionatu zuen. Ez du igande honetan jokatuko, ezta datorren asteko Euroligako Lauko Finala ere. Are gehiago, akabo denboraldia hegoamerikarrarentzat belauneko «barruko lotailu kolaterala» hautsi duela aditzera eman baitute Real Madrileko osasun zerbitzuek.

Saski Baskoniari dagokionez, ordea, Deck ez izatea mesede galanta da. Hegalekoa izan arren, uztaipean sekulako mina eman ohi dio talde gasteiztarrari, saskitik hurbil eta errebote lanean oso eraginkorra baita.

Real Madrilek galtzeaz gain, Ibon Navarroren Unicajak Palau Blaugranan 91-92 irabazi zuen. Real Madril eta Unicaja 27na garaipenekin aurreneko postuan berdinduta daude, baina puntu aldea Malagakoen aldekoa da eta, hortaz, Real Madrilek, Fase Erregularreko aurreneko postua nahiko balu, duen guztiarekin jokatu beharko du.

Unicajak ere kale egin behar, Real Madrilek aurreneko postuan amaitzeko aukerarik izango badu. Hala ere, nekez egingo dute hutsik andaluziarrek: etxean jokatzen dute eta sailkapeneko azken postuan den eta matematikoki maila galdu duen Zunder Palentzia izango dute aurkari.

BILBAO BASKET

Roger Grimauren -Bilbao Basketeko jokalari eta kapitain izandakoaren- Bartzelona izango da, aldiz, Surne Bilbao Basketen aurkaria ACB Ligari agur esateko jardunaldi honetan.

Azken bost partidak galduta, hamargarren postuan amaitzeko ametsa zapuztu zaio talde bizkaitarrari. Alabaina, burua altxatzeko eskatu zuen atzo Jaume Ponsarnau entrenatzaileak.

«Gure aurretik amaitu dezaketen zenbait taldek inbidia ziguten duela lau jardunaldi. Horrek esan nahi du besteek gutaz inbidia sentitzeko moduko denboraldia osatu dugula, azken zati honetara iritsi arte. Harro egoteko moduko lana egin dugu», azpimarratu zuen Tarregakoak.