GARA Euskal Herriko egunkaria
GAURKOA

Alferrikakoaren balioa


Zertarako ikasi behar dugu hau?»; irakasleon egunerokoa da galdera hori. Ikasleek inoiz ez dute jakiten zerbait ikasi beharraren zentzua: Matematikan ez dute ulertzen zergatik egin behar dituzten integralak; Historian ez dute ulertzen zergatik jakin behar duten Bigarren Mundu Gerra 1939an hasi zela; Filosofian ez dute ulertzen Kristo aurreko auskalo zeinek esandakoa ikasi behar izana... eta abar, jakina. Egia esan, ez dakit ikasgairen bat libratzen ote den galdera xixatzaile horrez.

Nire aburuz, errotik heldu behar genioke galdera horri eta horrek zuzenean eramango gaitu balioen gaira. Gizakiak etengabe ari gara balioztatzen; gauzak, pertsonak, ekintzak baloratzen ditugu, alegia, balio bat ematen diegu. Balioak, ordea, mota askotakoak dira: batzuetan zerbaiti balio kuantitatibo bat emateko erabiltzen dugu; hain zuzen ere, gizarte kapitalista honetan objektuei eta bestelako zerbitzuei prezio bat jartzen diegu, eta horregatik galdetzen dugu zenbat balio duen horrek ala besteak. Era berean, zenbaitetan balioa erabiltzen dugu norbaiten gaitasun edo dohainak azaleratzeko, eta, hala, esan dezakegu gazte horrek tenisean jokatzeko balio duela, adibidez. Halaber, gainerako pertsonak haien balio etikoei erreparatuz balioztatzen ditugu; izan ere, balio etikoek erakusten digute, besteak beste, pertsona bat nolakoa den; hots, zein diren bere jokabideak gidatzen eta arautzen dituen jokabide-gidak. Arrazoi horregatik, geure lagun batek bere bikotekidearekin apurtu duenean, batzuetan zera esan ohi da: «Horrek ez zaitu merezi, zuk gehiago balio duzu!». Baieztapen arriskutsua da ezbairik gabe, baina horren atzean dagoena zera da: «zeuk balio etiko gehiago dituzu hark baino, pertsona hobea zara», nolabait.

Orain arte azaldutakoarekin garbi gelditu da balioztatzeko era ezberdinak dauzkagula eta balioztatzeko modu bakoitzak zerbaiti erreferentzia egiten diola (prezioa, dohainak, balio etikoak...), hortaz, balioak beti ez dauka esanahi bera. Dena den, oraindik ere, badago, gutxienez, falta den beste sailkapen bat, balioei edo balioztatzeari dagokionez: erabilgarritasuna edota, bestela esanda, funtzionalitatea. Esaterako, inprimagailu batek balioa duela esaten dugu inprimatzeko balio badu, baina huts egiten hasten bada, bere balioa galtzen duela denok ados geundeke. Garbigailu batek balio duela esaten dugu arropa garbitzeko erabilgarria bada, baina garbitzeari uzten dionean bere balioa galtzen du guretzat. Ildo beretik, inork ez du zalantzan jartzen medikuntzaren balioa, bere erabilgarritasuna garbi dagoelako: pertsonak sendatzea, bizitzak salbatzea, modu duinean hiltzen laguntzea... Arkitekto baten balioa inork ez du zalantzan jartzen, inguruan dauzkagun eraikinen sortzaile baita. Hari berari tiratuz, hainbat diziplinaren balioa zalantzan jartzea zaila da, beren erabilgarritasuna bistakoa delako oso. Baina zer gertatzen da hain agerikoak ez direnekin? Edota, besterik gabe, haien balioa erabilgarritasunak ematen ez dieten diziplina horiekin? Zehatzago: eta zerbaitek ez badu zerbait zehatzerako balio, orduan zer? Zertan da bere balioa?

Neurea filosofiako esparrua izanik, apurtxo bat filosofiari heldu nahi nioke. Filosofia ez da autolaguntza liburu bat. Filosofiak erantzunak eta aholkuak baino, zalantzak eta galderak sorraraziko dizkigu ziur. Baliteke filosofiaren erabilgarritasuna ez izatea berehalakoa, bistakoa edota zuzenekoa. Hain justu, filosofiari balioa ematen diona ez delako haren erabilgarritasuna, edo ez du zertan. Nire inpresioa da gauza batzuek balioa dutela erabilgarritasunetik askoz ere haratago, pertsonok bezalaxe. Pertsonok nahiz eta dohainak eduki, geure gaitasunek ez digute pertsona bezala balioa gehitzen edo kentzen, edota ez luke hala izan behar gutxienez, gizarte kapitalista honek etengabe produzitzen nahi gaituen arren, eta geure balioa produzitzen dugun horren araberakoa dela sinetsarazi nahi digun arren. Gizakiok berezko balioa dugu, erabilgarritasunetik haratago.

Bada, geure errealitate osoa erabilgarritasunetik balioztatzera ohitu garela uste dut. Eta neuk galdegiten dut: noiz bihurtu da errealitatea balioztatzeko dugun modua hain hutsal? Hain azaleko? Hain pragmatikoegi? Non gelditu da ikasitakoaren erabilgarritasuna bere unean eta bere denboran ikustera iritsiko garen esperoa eta esperantza? Non gelditu da ikasitakoari zentzua eman beharra geure gain hartzea, lan hori kanpora bota beharrean?

Irakaskuntzari berriz ere helduz, orain irakasleok gara ikasleak motibatu behar ditugunak, ikustera etorri diren show bat izango bagina bezalaxe. Orain, hezkuntzako curriculum berriaren aldaketarekin, geu gara ikasleei ikasiko duten guztiaren praktikotasun erreala erakutsi behar diegunak, haren erabilgarritasun zehatza eta berehalakoa ikus dezaten; bestela gizajoak aspertu egingo dira eta makilakada bat bezain bortitz erasotzen gaituen galdera botako digutelako beste behin: «Baina hau zertarako ikasi behar dugu?». Batzuetan inpresioa dut txiklea geuk murtxikatu eta haiei ahora eramaten gabiltzala, edo arrisku hori baduela honek gutxienez.

Edonola ere, inguratzen gaituen errealitatea balioztatzeko hartzen ari garen ibilbidearekin larrituta nago eta, balioak usteltzear dauden sentipena dut askotan. Uste dut geure ingurua balioztatzeko modu zahar bati heldu behar geniokeela: patxadaz zein pazientziaz, gauza bakoitzak bere prozesua eta denbora duela, eta zenbait kasutan balioa erabilgarritasunetik askoz ere haratago dagoela ulertuz. Eta, agian, modu leun baina sakon horretatik, baliteke noizbait, nonbait edo nolabait, urteak atzera balioa eman bai, baina erabilgarritasunik aurkitzen ez genion horri erabileraren bat topatzea norberarentzat, norbere bizitzarako. Eta hala ez bada, ez gaitezen dramatiko jarri, erabilgarria ez zen zerbait ikasi izanak ez baitigu inolako kalterik eragingo!