2024 MAI. 15 Demokratak, zatituta Israelen aurkako kritikekin AEB Israelen makulu historikoa izan arren, baita Gazako gerran ere, azken egunotan ohi baino estuago hartu du Tel Aviv Joe Bidenek. Askorentzat gutxi eta berandu izan da, baina beste aldetik ere jaso du kritikarik. Alderdi Demokrataren barruko zatiketa Kongresuan ikus liteke asteon bertan. (Scott OLSON | AFP) Urtzi URRUTIKOETXEA Baliteke Euskal Herritik begiratuta ez izatea gauza handia Washingtonek Israeli egindako azken kritikak, baina Estatu Batuetan sekulako zalaparta ekarri dute. Joe Bidenek duela astebete aitortu zuen «AEBko arma astunekin zibilak hil» dituela Israelek Gazan. 3.500 lehergailuren hornidura eten duela jakinarazi zuen Etxe Zuriak, tona bateko 1.800 bonba, eta tona laurdeneko 1.700, ez zitzaten Gazan biztanleria zibilaren aurka erabili. Beti ere, behin eta berriz azpimarratu zuen Washingtonek Israelen defentsarako konpromisoari eutsiko ziola, misilen aurkako Iron Dome (Burdinazko Kupula) sistemarekin, kasu. Kontuak kontu, Benjamin Netanyahuren Gobernuari itsu-itsuan jarraitzeko posizioan ñabardura txiki horiek egiteak sekulako zalaparta ekarri dute eztabaida politikora. Unibertsitateetako protestetan salatu den bezala -eta kanpaldietan eskatzen zenetik oso urrun egon arren erabakia-, Bidenen oharrak agerian utzi du AEB ezinbesteko konplizea izan dela Israelek Gazan biztanle zibilen aurka egin dituen sarraskietarako. Kalean eta gizarte sektore zabal batean -gazteek batez ere- argi ikusten den konplizitate onartezin horren kontrastean, ordea, Washingtongo klase politikoa dago. Errepublikanoen artean kritikak etengabeak izan dira Bidenen aurka, espero bezala, eta demokraten artean ere agerian geratu da gaia zeinen deseroso eta zatitzailea den. Joan den astean, esaterako, Israelen aldeko 26 kongresukide demokratak gutun bat sinatu zuten; kezka azaltzen zuten lehergailu hornikuntza eteteari buruz Bidenek iragarritako neurriarekiko. Historikoki Israelen alde agertu diren kongresukideak dira. Lotura estua baino gehiago, menpekotasuna daukate: aurten Ordezkarien Ganbera berrituko da, eta beren kanpainarako -zenbaiten kasutan, primarioetarako-, AIPAC Israelen aldeko lobbyaren milioika dolar jaso dituzte. Bistan da, laguntza ez da dohainik. KONTRAESANAK Errepublikanoek demokraten arteko kontraesanetan sakondu nahi dute, Israel eta Gazari buruz dauden jarreren arteko zatiketa bultzatzeko. Horretarako, lege berezi bat aurkeztuko dute asteon Ordezkarien Ganberan. Israelen Segurtasuneko Laguntza Babesteko Legea loteslea da, hau da, aurrera eginez gero, eragotzi egingo lioke Joe Bideni Israeli laguntza moztea. «Hau ez da ekimen legegile serio bat. Trumpen aldeko muturrekoen beste trikimailu bat baino ez da, Biden presidenteari politikoki kalte egiteko», salatu zuen atzo Katherine Clark ordezkari demokratak. Edozelan ere, “Politico” hedabideak jasotakoaren arabera, Hakeem Jeffries Ganberako gutxiengo demokratako buruak ez du erabaki oraindik zein jarrera hartuko duen errepublikanoen lege-proposamenaren aurrean. Buruzagitzak ezezkoa bozkatzera gaztigatuta ere, 25-40 kongresukidek legearen alde egin lezaketela uste dute. Ez da ahaztu behar, joan den otsailean ia 50 kongresukidek bozkatu zutela errepublikanoekin batera, Ukrainako blokeoak Israeli laguntza bidaltzea eragozten zuen orduan, eta lehenari eusten eta bigarrenari bidea irekitzen saiatu ziren orduko hartan. Hala ere, Bideni gutuna idatzi zioten demokraten artean ere badira errepublikanoen doinura dantza egiteko prest ez daudenak. Donald Norcrosse New Jerseyko ordezkari demokrataren bulegoak hau jakinarazi du: «Oraindik legea aztertzen ari gara, baina ez nintzateke guztiz ados egongo Hamas suntsitzeko Israelek behar dituen armak bermatzeko lege baten aurrean soilik jarrera politikoa (alderdikoia) hartzearekin». Kongresuak atzo hasi zituen asteko lehen saioak, eta ziur aski bihar izango da Israelen aldeko proposamenaren bozketa. Aurrera egingo balu ere, ia ziurra da demokratek gehiengoa daukaten Senatutik ez litzatekeela pasatuko. Baina alderdia urduri dago. Ez dute jokoan erori nahi, eta haien proposamena bidean erortzea nahi dute, Bidenen mahaira iritsi gabe; presidenteak betoa ezarri beharko lioke balizko arauari. Horrek, Alderdi Demokrataren zatiketa nabarmentzeaz gain, Biden presidentea muturreko buruzagi gisa aurkezteko aukera emango lioke. Israelen aldeko lobbyak diruz puztutako hautagaiak aintzat hartu behar badituzte ere demokratek, errealitatea da presidentearen jarrera oso urrun dagoela Palestinarekiko elkartasunez protestan ari direnek eskatzen dutenetik. Gerraren aurkako manifestari horiek guztiak Trumpen aurkakoak dira, baina demokratek gehiegitan ziurtzat ematen dute beren alde bozkatuko dutela azaroan. Askok adierazi dute Etxe Zuriarekiko jarrera kritikoa, Michiganeko edo Minnesotako primarioetan, kasu. Estatu horietako batzuetan oso boto gutxik erabakiko dute nork irabazten dituen hauteskundeak. Los alemanes quieren... Para ello, presentar��n una ley especial en la C��mara de Representantes