2024 MAI. 15 Sudan, Kolonbia eta Palestina, desplazatuen marka triste baten eredu Dozenaka milioi pertsonak utzi behar izan zuten iaz etxea, berriro ere munduko desplazatuen marka urratuz eta 75,9 milioi lekualdatzetara iritsiz. 2022an baino %6,7 gehiago izan ziren. Gatazka luzeak dira arrazoia, Sudangoa bezalako berriekin eta Gazako sarraskiarekin batera, klima larrialdiak eragindako hondamendiak ahantzi gabe. Sudango emakume desplazatuak, maindireetan bildutako ondasunak garraiatzen. (AFP) GARA KHARTUM Munduko barne desplazatu kopuruak markak hautsi ditu bertze behin. 2023an 75,9 milioi lagunek alde egin behar izan zuten etxetik, aurreko urtean baino %6,7 gehiagok, IDMC Barne Desplazamenduen Behatokiak eta NRC Errefuxiatuen Kontseilu Norvegiarrak urtero egiten duten ikerketaren arabera. 2008an txosten hau osatzen hasi zirenetik ikusi duten zifrarik handiena da. Gatazka zaharrak eta berriak eta klima aldaketaren ondorioz gertatzen ari diren naturako hondamendiak dira mugitzeko motiboak. Hiru kasu zehatzekin laburbildu dute egoera: Sudan, desplazamendu gehien dituena, planetako inguru zigortuetan gerrek sor dezaketenaren adibidea; Kolonbia, denbora luzean ez aurrera ez atzera dagoen egoera baten ispilua; eta Palestina, Israelen erasoaren izugarrizko inpaktuarengatik. SUDAN, DESPLAZATU GEHIEN DITUEN HERRIALDEA Gatazken ondorioz gertatutako lekualdaketak 68,3 milioi ziren 2023 amaieran, aitzineko urtean baino %9 gehiago, eta Sudan zen arrazoi honengatik kopuru handiena zuena, urte horretan hasitako gerrarengatik (9,1 milioi, 2008an ikerketa hau egiten hasi zirenetik handiena herrialde bakarrean). Jarraian daude Siria (7,2 milioi), Kongoko Errepublika Demokratikoa (6,7 milioi) eta Yemen (4,5 milioi), denak barne gatazka luzeak sufritzen ari direnak. Desplazamendu berrien %41 Saharaz hegoaldeko Afrikan zenbatu ziren (19,5 milioi), eta %22 Ekialdeko Asian eta Ozeano Barean (10,5 milioi). Txostenean abisatzen denez, herrialde garatuak izendatzen direnetan ere gero eta gehiago sumatzen dira joera horiek, iaz Kanadan eta Grezian ikusi zen bezala. Suteengatik mugimendu gehien izan zuten herrialdeak izan ziren. Desplazatuen marka berriak adierazten du «gatazken prebentzioan eta bakegintzan huts egin dela», azaldu zuen Jan Egeland NRCko idazkari nagusi eta Nazio Batuen koordinatzaile humanitario ohiak. KOLONBIA, ARAZOA EZ DA BUKATZEN 2023an 5,07 milioi kolonbiar lekualdatu ziren gatazken eraginez; 2022an 4,8 milioi izan ziren, %5,6 gutxiago. Iaz 298.000 mugimendu berri gertatu ziren herrialde honetan. 2022an baino gutxiago, orduan 339.000 izan baitziren. Txostenaren egileek Gobernuaren eta ELN eta EMC talde armatuen arteko su etenekin lotzen dute jaitsiera hori. Horiei esker, indarkeria ekintzak %33 gutxitu ziren. Chocó, Nariño eta Caucako haranean kokatzen dira lekualdatze anitz, komunitate afrokolonbiarrak eta indigenak gehiago kaltetuz. Naturako hondamendiek 351.000 desplazamendu eragin zituzten, 2022an %25 gehiago, hamarkada honetako zenbakirik handiena, bi GKE hauen arabera. Mugimenduen bi hiruren La Guajiran (95.000), Bolivarren (85.000) eta Araucan (62.000) gertatu ziren, ekaitzen, uholdeen eta baso suteen ondorioz. PALESTINA, DESPLAZAMENDU BAT BAINO GEHIAGO 2023an gatazkak eragindako 3,4 milioi desplazamendu zenbatu zituzten Palestinan, inoiz baino gehiago. Horietatik gehienak azken hilabeteetan izan dira, Israelen genozidioa gogortzearen eraginez. Txostenak dioenez, gatazkek mundu osoan eragindako mugimenduen %17 kontzentratu ziren Palestinan, eta horrek hurbilen duen herrialdean, Libanon, ere eragin zuen 78.000 desplazamendu izan baitziren han. Lekualdatzeen kopuruak Gazako biztanleria (2,2 milioi inguru) gainditzen du, jende ugarik behin baino gehiagotan eskapu egin behar izan baitu. GOSEAPalestinako exodoaren parte handi bat iragan urriaren 13an hasi zen, Israelek Gaza iparraldeko milioi bat zibili beren lurra uzteko agindua eman zienean. Abenduan Gazako biztanleen %93k ez zuten janaria segurtatua, txostenean nabarmentzen denez. KLIMA LARRIALDIANaturako hondamendien ondorioz 7,7 milioi lagun lekualdatu ziren, horietako 1,5 milioi Afganistanen, 1,2 Pakistanen, 882.000 Turkian, 881.000 Etiopian eta 639.000 Txinan.