2024 MAI. 23 AZKEN PUNTUA 35.000 Aitziber Pz. KARKAMO Kazetaria Har dezagun Tutera. Ana han jaio eta bertan eman du bizitza osoa. Familia handia da berea eta senide gehienek jaioterrian geratzeko asmoari eutsi zioten, nahiz eta hainbat lagunek herritik irtenda bizitza hobea topatuko zutela errepikatzen zieten. Gurasoak Erriberako altxor diren barazkien arloan jardun ziren jubilatu arte eta ogibide gogor bezain atsegingarria izan da, horren bidez ordaindu baitzizkioten ikasketak alabari. Hutsik dagoen gurasoenera itzuli da Ana, negarrez den seme txikia besoetan. Etxe azpiko ile-apaindegia itxita dago, pareko komertzio denak bezala. Gorantz begiratu du, kristal denak hautsita dituen eraikinera so eginez. Ez da bizilagunik geratzen. Jada ez dago ezer. Jada ez dago lurra landuko duenik. Jada ez dago klaserik. Medikamenturik gabeko ospitale inprobisatua bihurtu da Anak lan egiten zuen eskola. Bertan pilatu dira auzokideen gorpuak eta bere ikasle ziren haurrak banan-banan ari dira goseak hiltzen. 35.000 biztanle ditu Tuterak. Balio diezaguke honek edo antzeko biztanleria duen beste herriren batek Gazako sarraskiari neurria hartzeko. Egunotako albisteak inflexio puntu bat izan daitezen. Historiak ondo erakutsi baitigu genozidioak ez direla genozidiotzat jotzen gauzatu diren arte eta dagoeneko beranduegi da Palestinarentzat.