GARA Euskal Herriko egunkaria

«Haurdunaldi subrogatuei buruzko analisi feministak», Lisiperen 14.ean

Lisipe bildumako aurtengo lehen liburua iritsi da, 14.a hain zuzen. Besteetan bezala, gai mamitsu eta korapilatsu bati buruz dihardu: “Aingeruak eta neskameak. Haurdunaldi subrogatuei buruzko analisi feministak”, June Fernandezek idatzia. Hemeretzi aditu elkarrizketatu ondoren, gaiak dituen ertzei begira jarri da.

June Fernandezek idatzi du Lisipe bildumako hamalaugarren liburua. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

“Aingeruak eta neskameak, haurdunaldi subrogatuei buruzko analisi feministak" liburua aurkeztu zuen Lisipek atzo, June Fernandez komunikatzaileak idatzia. Bildumako hamalaugarrena da.

Gizartearen iritzi publikoan polarizatutako eztabaida bada ere, ertz asko dituen gaia dela adierazi zuen Fernandezek, berak bere prozesu biologikoan iritzia maiz aldatu duela onartuz. Eta aitortu zuen egun ez dagoela «ez alde, ez kontra, ertz asko ikusten ditut». Polarizazioetatik harago joateko nahia duela nabarmendu zuen.

Jule Goikoetxea izan du editore, eta Goikoetxeak azaldu zuen idazleak ez duela bere iritzia plazaratzen liburuan, «eremu ezberdinetako emakumeei galderak egin dizkie eta, ondoren, elkarrizketan jarri ditu ikuspegi ezberdinak». «Diskurtso feminista kolektibo eta plurala» osatzea izan da liburuaren xedeetako bat, zazpi arlo ezberdinetako adituen iritziak jasoz.

Fernandez urrun sentitzen da eztabaidaren mutur batean zein bestean daudenetatik, hitzaurrean jaso duen bezala: «Ez dut uste guraso izatea eskubidea denik, ez dut uste gestante guztiak esplotazioaren biktimak direnik, oso kritikoa naiz ugalkortasunaren industriarekin, eta oso kritikoa naiz feminismo abolizionistarekin».

BI MUTURREN ARTEAN DAGOENA

Aldekoen eta aurkakoen lubakietatik atera eta hausnarketa sakonak egin zalea da Fernandez. Zazpi ataletan banatutako liburu honetan ere ahalegin hori egin duela esan zuen aurkezpenean: «Nire asmoa da alde daudenei, esaten dutenei laguntza bidezko teknika bat dela eta kito, plazaratzea zergatik egiten den kritika bat feminismotik, antikapitalismotik, ekologismotik eta abar. Eta aldi berean, feminismo abolizionistaren bidetik doazenei, interpelatzea findu dezaten eta eguneratu dezaten diskurtsoa. Adibidez, Euskal Herriko mugimendu feministan oro har jarrera punitibista baldin badaukagu, zergatik eskatzen dugu agentzia hauen ilegalizazioa eta ez etxeko langileen agentziaren ilegalizazioa, baldin badakigu horiek ere agentzia banpiroak direla?».

Era berean, uste du Euskal Herriko mugimendu feministan egin izan direla hausnarketa sakonak. Zailena ideiak gizarteratzea izaten dela azaldu zuen: «Gizarteratzen dena eslogana izaten da, eslogan sinplea, eta hori da arriskutsua». Testuinguruan kokatzea ezinbestekoa iruditzen zaio Fernandezi. «Kontuz gure diskurtsoa unibertsalizatzearekin», ohar egin zuen. Izan ere, fenomeno globalizatu bat denez, berdintzeko joera izaten da eztabaidetan, baina herrialde bakoitzean dauden kosmobisio ezberdinak kontuan hartu behar direla azaldu zuen: «Ezin dugu pentsatu gure balore sistema unibertsala dela».

ZAZPI ATAL, ZAZPI ARLO

Aurkezpenean kontatu zuen «argi itzalei» begiratu nahi izan diela arlo bakoitzeko elkarrizketetan, eta atal bakoitzaren zenbait gako aurreratu zituen. Filosofiaren arloan, besteak beste, adostasun sozialak nola eraikitzen diren, eta mugimendu feministak altruismoaren inguruan dituen planteamenduez hitz egin dute. Kulturan, «fikzioak, farandulak eta euskal guraso jatorrek» zein eragin duten iritzi publikoan landu dute.

Gizarte zientzietan, familia nola berrantolatu edota burujabetza prozesuan ugalketaren industriak zer paper izan dezakeen hausnartu dute.

Ikuspegi antirrazista lantzean, feminismo zuriaren diskurtso «sinplistak» izan dituzte jomugan batetik, eta, bestetik, emakume ijitoen ekarpena «hazkuntza kolektiboaren» inguruan.

«Zer da haurdunaldia besteentzat ernaltzea dakarrenean?» galderari erantzuten ahalegindu dira ikuspegi perinataletik.

Familia aniztasunaren atalean, haurdunaldi subrogatua «familia ez normatiboak sortzeko modu edota, kontrara, familia nuklear heteronormatiboak betikotzeko modu berri bat» diren eztabaidatu dute.

Eta legegintzaren atalean, berriz, konponbide politiko egingarrien inguruan aritu dira: legeztatzen bada, zein korapilo daude? Eta egiten ez bada?