GARA Euskal Herriko egunkaria

Musikaren artifizialtasuna


Atal guztietara indartsu barreiatu denez, ongi merezia du artifiziozko adimenak (AA) begirada politiko-kultural eguneratua, baita filosofikoa ere. AA disfuntzionala izan daiteke. Gozamena eta probetxua ekar diezaguke. Batzuetan ondradu, hainbatetan maltzur. AA ez da perfektua.

Egin ditzake melodia biribilenak eta kanturik eraginkor eta arrakastatsuenak? Botoi batzuk tekleatuta, eta agindurik zehatzenak eman ostean, lortuko al dugu Euskal Herri guztia kantuan paratzea makinak egindako abestiarekin? Inolako domaiarik gabe, ez. “Natural”-aren antonimoa da artifiziala. Aitortuko al du musikariak AA erabili duela bere diskoko singleak egiteko? Eramango al du taldekideengana, sekretua azaltzeke? Agertuko al dira egilerik gabeko musikariak kontzertuetara? Ausartuko al da musikaria aitortzera AAk egin diola kantua? Musikari sortzailetzat hartuko al dugu AA erabili duen musikaria? Nola defendatuko du bere burua aitortu duenak ez dela sortzaile baizik eta botoi sakatzaile? Musika artifizial guztia inork aurpegi-izenik jarri gabe kaleratuko balitz, nor aterako litzateke agertokira? AAk sortutako eta existitzen ez den taldeak emango al ditu kontzertuak? Nola defendatuko da AArekin sortutako musika? Egitekotan, musikaria ez den baten bat ausartu eta aurrinduko da. Entzuleak haragizko musikaria ikusi nahi du.