GARA Euskal Herriko egunkaria

Zubietako erraustegiaren eraginaren ikerketak aintzat hartzea nahi du EH Bilduk

Toxico Watch Fundazioak Zubietako erraustegiaren inguruan egin duen txostena Gipuzkoako Batzar Nagusietan aurkeztu zuen astelehenean. EAJk eta PSEk zalantzan jarri zuten, eta EH Bilduk, aldiz, haren balioa nabarmendu zuen, ikerketa gehiago eskatuz.

Zubietako erraustegiaren instalazioak, artxiboko irudi batean. (Juan Carlos RUIZ | FOKU)

Toxico Watch Fundazioko ordezkariek agerraldia egun zuten astelehenean Gipuzkoako Batzar Nagusietan, non Zubietako erraustegiaren inguruan egin duten txostena aurkeztu zuten, EH Bilduk eta Elkarrekin Gipuzkoak eskatuta.

«Errauskailuak izan dituen arazoak kontuan harturik, haren inguruko azterketen eta datuen jarraipen zorrotza egiten segituko du EH Bilduk», adierazi zuen koalizioak ohar baten bidez.

Izan ere, azken bost urteotan erraustegiaren inguruetan toxikoen kontzentrazio maila «nabarmen handitu» dela dio aipaturiko ikerketak, oilo arrautzetan, goroldioetan, landareetan eta urtean hartu dituzte laginetan.

Besteak beste, dioxina kopuruak eta antzeko PCB elementuenak asko handitu dira arrautzetan. Gisa berean, dioxinen eta antzekoen gorakada ere aipagarria izan da inguruko goroldioen laginetan, fundazio horren txostenak jasotakoaren arabera.

Horren aurrean, EH Bilduk neurriak hartzeko beharra adierazi zuen. «Argi dugu gure egitekoa dela herritarren osasunerako kaltegarria izan daitekeen edozein aldagai, arazorik balego, bere onera ekartzea», nabarmendu zuen Jon Altolagirre batzarkide independentistak.

EH Bilduk gogora ekarri zuen Zubietako erraustegiak, martxan jarri zenetik (2020), arazo ugari izan dituela: gelditzeko automatismoarekin arazoak, lixibiatuen filtrazioak, Arkaitzerreka kutsatzea amoniakoaren isurien ondorioz, lehenengo transformadoreak emandako arazoak eta dioxina isuriak, besteak beste.

Hori dela-eta, azterketen eta datuen «jarraipen zorrotza» egiten segitu du indar independentistak.

Talde honen arabera, zientzian oinarritutako ikertzaile talde batek egindako lanari «errespetua eta begirunea» zor zaio, EAJk eta PSEk zabalduriko zalantzen aurrean. «Erakunde honek Europako hainbat erakunderekin lan egin du, errauskailuen inpaktua neurtzeko. Interesgarria iruditzen zaigu gobernuek edo administrazioek azpiegiturak martxan jartzen dituztenean ikertzaile independenteen lana eta aholkularitza kontuan hartzea, horiek sor ditzaketen arazoak mahai gainean ezartzeko», adierazi zuen.

EAJ: «EZETZAREN POLITIKA»

EAJk, ordea, ez ditu gauzak berdin ikusten. Xabier Otxoak, Jasangarritasun Batzordeko bozeramaile jeltzaleak, «helburu politiko jakina dauka» eta oposizioa egiten ari direla salatu zuen, «Zubietako plantari ezezkoa ematen setatuta».

Otxoaren arabera, Toxico Watch fundazioko adituek «aitortu dute ezin dutela esan beraiek lortutako datuak errausketak eragindakoak direnik, eta, aldi berean, galdera asko utzi dituzte erantzun gabe».

Batzarkide jeltzaleak azpimarratu zuenez, «batzuek, dena den, ez dute errepararorik Zubietan osasunari kalte egiten dioten isuriak izaten direla frogatzen ez duten balizko azterketei haizea emateko, iritzi publikoa kutsatu besterik egiten ez duten azterketez».

«Ezetzaren politikan jarraitzen dute, beren oposizio toxikoarekin, gizartea larritu eta Zubietako gunearen aurka jartzeko. Eta hori errealitatearen aurka talka egiten duen ikuspegi sektarioa da», esan zuen. «Gertatzen dena da argi geratzen ari dela asmatu egin dugula balorizazio energetikoaren», gaineratu du.