GARA Euskal Herriko egunkaria
E9-KO HAUTESKUNDEAK
Elkarrizketa
Jean Lissar
EELV Europa Ekologia-Berdeak alderdiko bozeramailea

«Eskuin muturrak ez du ezer egin nahi krisi klimatikoaren kontra»

Jean Lissar Europa Ekologia-Berdeak alderdiko bozeramaileak, NAIZ Irratiari eskainitako elkarrizketan, adierazi du europar hauteskundeek «inportantzia handia» dutela, eta bozkatuko ez dutenak «oker» daudela. Eskuin muturra «Europan dagoen haize beltz» gisa definitzeaz gain, klima krisiaz, Palestinako gatazkaz eta nekazarien mobilizazioez ere jardun du.

(Gaizka IROZ)

 

Heldu den ekainaren 9ko Europako hauteskundeetan Euskal Herri osoan egongo da botoa emateko aukera; hori bai, aukerak ezberdinak izango dira Hegoaldean eta Iparraldean. Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako aukeren artean, EELV Europa Ekologia-Berdeak zerrenda dago, eta alderdi horretaz gehiago jakiteko NAIZ Irratian izan zen Jean Lissar bozeramailea.

Aitortu zuenez, pixka bat zailak dira hauteskunde hauek ekologistentzat eta lastima da, bere ustez, «zeren kontinente zaharreko bozek inportantzia handia dute». Adierazi zuen bozkatuko ez dutenak «oker» daudela. Haren hitzetan, «haize beltz bat dabil Europa osoan», eskuin muturrekoak aunitz goititzen ari dira eta hor «arrisku handia» dago.

«Aliantza bat izanen balitz eskuinaren eta eskuin puntaren artean, Europa izan liteke arrisku handian eskubide demokratikoei dagokienez eta gibeleratze handi bat gerta liteke itun berdearen kontra», ohartarazi zuen.

«Justizia sozialik gabe, trantsizio ekologikorik ez»

Eskuin muturraz hitz egiteak ez ote dituen beste zenbait kontu baztertzen galdetuta, Lissarrek azaldu zuen egunero ditugula klima aldaketaren ondorioak, uholdeak, suteak, lehorteak eta, halere, eskuinak eta eskuin muturrak ez dutela ezer egin nahi klima krisiaren kontra. Bestetik, «Ukrainako gerrak erakutsi digu gure energiarekiko mendekotasuna».

«Ekologistok klima krisiaren egia erran izan dugu beti. Eta Europa mailan ditugu beharrezko babesak. Ekologistak egiazko errealistak dira eta badakite ez dugula trantsizio ekologikorik lortuko justizia sozialik gabe».

Palestinaren eta Israelen arteko gatazkaren harira, Ekologisten alderdiko ordezkariak salatu zuen momentuz Europak ez duela proposamen zuzenik. «Ikusten da alemanek eta frantsesek aunitz sostengatzen dutela Israel, eta Palestinak ez duela momentuan ikusmolderik. Guk erraten dugu palestinarrak behar direla ezagutu munduan».

Laborariak, mugan

Laborariak kalera irten dira, eta heldu den astelehenean, ekainaren 3an, mugan izanen dira. Haserre daude inportazio eta merkataritzarako akordio askeekin. Gai honekin zer egin behar den galdetuta, Lissarrek defendatu zuen merkataritza libreko itunetik atera beharra dagoela, laborariak eta enpresak babesteko. «Hori gauza oso inportantea da, akordio horiek direlako nekazarien egoeraren arduradunak eta ez ekologistak», argitu zuen.

Erregaien prezioengatik ere protestan ari dira. Nola egin daiteke nekazaritza ekologikoagoa? «Europan egiazki nekazaritza eta industria kokatu beharko lirateke eta kanpotik heldu diren komisioak kendu, horiek ekartzen dutelako kalte handia».

Energia %100 berriztagarria

Alderdi ekologistaren proposamenetako bat da 2040. urterako Europako energiaren 100% berriztagarria izatea. Horren inguruan, Lissarrek esan zuen Euskal Herrian momentu honetan ez dagoela energia produkzio anitz. «Posible liteke gehiago izatea. Europa mailan beharko da indar handi bat eman energia berriztagarriei, inbertsioak azkartuz. Momentuan ez da behar adina egiten eta lema horretan Frantzia azkenetarik agertzen da, egia errateko».

Energia berriztagarriak eragina izaten du gure eremu naturaletan, mendietan haize-sorgailuak jarri behar direlako edo plakak belardi zabaletan. Nola gainditu eztabaida hori? «Gauzak ez dira errazak. Nafarroan bada eoliko aunitz eta egiazko problema da, baina behar dira hautu batzuk egin. Bistan da horiek ez direla ematen ahal denetan eta aunitz kalte ekartzen dutela zenbait lekutan, etxeak hurbil direlarik adibidez. Baina hautua behar da egun batez hartu zeren klima larrialdian gaude».

Ipar Euskal Herrian gertatzen ari den bilakaera demografikoan jendea kostaldera joaten ari da bizitzera eta bertako bizia ere asko garestitzen ari da Estatu frantsesetik datozen beste pertsonekin. Lissarrek baieztatu zuenez, zailagoa da testuinguru horretan proposamen ekologistak bideratzea, baina «gauzek ezin dute horrela segitu. Jende aberatsa heldu da Parisetik eta hemengo bizitzeko baldintzak txartzen ari dira. Hortik ateratzeko anitz lan bada egiteko».