2024 MAI. 30 Elkarrizketa JON MAIA SORIA Bertsolaria «Munduko herri guztiek bezala behar dugu gure unibertso imajinario propioa eraiki» Jon Maiak larunbatean estreinatuko du «Ombuaren itzalean, Karidadeko benta» ikuskizuna. Pedro Mari Otañoren inguruko filmaren irudiak, protagonisten solasaldiak eta bertsolariak uztartuko ditu ikuskizun artistiko batean. Patxi Bisquerten «Ombuaren itzala» filmaren auzolanean laguntzeko proiektua da, eta behin bakarrik ikusi ahal izango da. (Idoia ZABALETA | FOKU) Iraitz MATEO Pasaiako Bixi Bixi elkartearentzat urteroko zita izan ohi da “Gora Herriak!” ekimena. Urtero munduko beste herrialde batekin lotu eta 15 egunean herri oso bat ezagutzea du xede: politika, bizimodua, gastronomia, arteak... Kultura ikuspegi zabal eta integratzaile batetik jorratuz, pausoak eman nahi dituzte elkartasunean eta elkarlanean. Aurten Argentina izango dute geltokia. Gaur hasiko da ekimena, eta ekainaren 15ean amaituko da, egun osoko egitarauarekin. Larunbat honetarako, ikuskizun artistiko berezia prestatu dute. “Ombuaren itzalean, Karidadeko benta” ikuskizuna prestatu du Jon Maiak. Berak egingo ditu gidari lanak, eta hizketan arituko dira Patxi Bisquert “Ombuaren itzala” filmaren zuzendaria eta Joseba Usabiaga eta Sara Cozar aktoreak. Bertsotan, Maddalen Arzallus eta Andoni Egaña. Filmaren lehenengo eszenak primizian eskainiko dituzte. Juanba Berasategi aretoan egingo da ekitaldia, arratsaldeko 19.30ean. Larunbatean egingo duzue «Ombuaren itzalean, Karidadeko benta» izeneko ikuskizun artistikoa. Zer izango da? Pasaiako Bixi Bixi elkartetik datorren proposamen bat da. Beraiek zerbait konbinatua nahi zuten, eta helburu nagusia ‘‘Ombuaren itzala’’ filmaren berri ematea zen. Lan erraldoi bat egiten ari da proiektu hau aurrera atera ahal izateko. Egun batean bakarrik ikusi ahal izango da ikuskizun hau. Filmaren irudiak, aktoreen eta Patxi Bisquerten solasaldiak eta bertsolarien ekinaldiak konbinatuko ditugu. Hiru pieza horiek konbinatuz osatutako emankizun bat izango da. Filmaren izenburuari Karidadeko benta izena gehitu diogu, Pedro Mari Otañoren garaiko leku bat zelako. Badakigu bertan hainbat bertsolari elkartzen zirela noiznahi. Zizurkilgo benta bat zen, Pedro Mari Otañoren herrikoa, eta espazio horretan kokatu dugu guztia. Pedro Mari Otañoren bizitzako azken 20 urteak jasotzen ditu filmak. Ikuskizunean ere Otaño izango da erdigunea? Bai. Baina gero ispilu jokoak egingo ditugu Pedro Mari Otañoren garaiaren eta gure garaiaren artean. Hausnarrerako bide izango da: lehengo bertsolaritza eta oraingoa, lehengo Euskal Herria eta oraingoa… Otañok emigratu egin behar izan zuen. Hori ere landuko dugu: lehengo emigrazioa eta oraingoa. Eta baita lehengo euskal identitatea eta oraingoa ere. Filmean memoria kolektiboa lantzea garrantzitsua dela nabarmendu izan du Bisquertek. Nik uste dut, bai filma egitea, bai ikuskizun hau bera, memoria kolektiboaren aldeko ariketa bat direla. Guk ez badugu kontatzen gure historia, nork kontatuko du? Eta guk ez baditugu sortzen gure erreferenteak eta ez baditugu bizirik mantentzen, nork mantenduko ditu? Guk munduko herri guztiek bezala behar dugu gure unibertso imajinario propioa edukitzea, elikatzea eta bizirik mantentzea, baita erreferenteak sortzea, eta abar. Eta horretarako nik uste dut kultura dela bide nagusia. Baina instituzioek ere ezinbesteko funtzio bat izan behar lukete. Guk gure iruditegi propioa osatu behar dugu eta gure transmisio kanalak sortu behar ditugu. Gora herriak! ekimenaren barruan kokatuta dago zuen ikuskizuna. Argentina-Euskal Herria lotura izan da aurtengoa. Nola egingo duzue Argentinarekin lotura? Egongo dira loturak. Adibidez, emango diren filmaren eszena guztiak Argentinan grabatuak dira, eta ikuskizun hau izango da lehenengo aukera irudi horiek ikusteko. Ezinbestean agertuko dira lotura horiek guztiak, azken batean, Argentina, Uruguai, Mexiko edo Ameriketako Estatu Batuak euskal emigrazioaren helmuga oso garrantzitsuak izan dira, eta euskaldun askorentzat harrera lurra izan dira, han eraiki zituzten bizitza berriak. Batzuetan hemengo gerretatik ihesi joan ziren. Otañoren lehen emigrazioa ere hala izan zen, karlistadetan soldaduskatik ihesi. Eta baita bizitza hobe baten bila ere, orain Euskal Herrira datozen hainbat eta hainbat bezala. Nire irudipena da Argentinak leku berezia daukala gure historia horretan, eta ezinbestean agertuko da ekitaldian. Propio sortu duzuen ikuskizun artistikoa da. Larunbatean izango da ikusteko aukera bakarra. Auzolanetik eraiki beharreko proiektu bat da Pedro Otañoren inguruko filma, eta horren garrantzia azpimarratu nahi izan dugu. Horrenbestez, jendea animatzen dugu egun horretan bere ekarpena egin dezan, ekitaldi honetara etorriz. Ikuskizunaz harago, proiektua babesteko bide bat izango delako. Urteak daramatza Patxi Bisquertek proiektu honekin, eta guk ere gure bultzada eman nahi diogu. MEMORIA «Ez baditugu guk sortzen gure erreferenteak eta ez baditugu bizirik mantentzen, nork mantenduko ditu?»