GARA Euskal Herriko egunkaria

Egoitz Urrutikoetxea, erruduntzat jo arren, zigorrik gabe utzi dute


Egoitz Urrutikoetxea apirilaren 25ean epaitu zuten Parisko Dei Auzitegian. Abokatu nagusiak bi urteko kartzela zigorra betetzeko beharrik gabe, Fijait fitxategian sartzea galdegin zuen. Baina Dei Auzitegiak Urrutikoetxea erruduntzat jo arren, zigorrik ez dio ezarri.

2015eko urrian Parisen atxilotu zutenetik, hiru auzibide ezberdin izan ditu Egoitz Urrutikoetxeak. Atzo ezagutu zen ebazpenarekin «19 urtez luzatu den aroa» amaitu dela nabarmendu dio Mediabask hedabideari Lexantzuko herri kontseilariak.

Hirugarren auziaren karietara, hain zuzen, gaizkile taldeko kide izatea leporaturik epaitu zuen Parisko Dei Auzitegiak. ETAren eta Gobernu espainolaren arteko 2005eko negoziazio prozesuaren testuinguruan iragan ziren gertakari batzuengatik auzipetu zuten. Frantziako Vichy herrian ETArentzat etxebizitza bat alokatu izanagatik erakunde horren kide izatea egotzi zioten.

«Euskal bake prozesua eta justiziaren artean izan den asinkronia agerian jarri duen auziaren amaieran» zigorra ez jartzeko eta Fijaiten ez sartzeko jujeak hartu duen erabakia «albiste ona dela» nabarmendu du Urrutikoetxeak.