GARA Euskal Herriko egunkaria
GURE HIZKUNTZAK BIZI DAITEZEN KOLEKTIKOAK DEITURIKO MOBILIZAZIOAK

Frantses konstituzioaren hesia kentzeko elkarlanean

Gure Hizkuntzak Bizi Daitezen kolektiboak frantziar Konstituzioa aldatzeko premia ikusarazi zuen atzo, Korsika, Bretainia, Katalunia, Alsazia, Okzitania eta Euskal Herriaz gaindi antolaturiko mobilizazioen bidez. ‘Euskara orain’ lelopean elkarretaratzeak egin zituzten. Legeak ezarritako mugak altxatzeko, urrats berria.

Azterketak euskaraz egiteko eskubidea galdetzeko ekimen jendetsua izan zen Ziburun . (Patxi BELTZAIZ)

Gure Hizkuntzak Bizi Daitezen (Pour que Vivent Nos Langues, frantsesez) kolektiboak hauspoturik, 100 bat mobilizazio antolatu zituzten atzo, gutxitutako hizkuntzak dituzten Hexagonoko lurraldeetan.

Korsika, Bretainia, Katalunia, Alsazia eta Okzitaniako herritarrek haien lurraldeetan egin zuten bezala, euskal herritarrek euskararen aurkako erasoak salatu zituzten. Azken urteotan, aurrera egin ordez gibelera jotzeko arriskua areagotu dela azaleratu zuten, karriketan batuz, Ipar Euskal Herriko euskaltzaleek.

Zuberoan, Nafarroa Beherean eta Lapurdin eginiko elkarretaratzeak bultzatu zituen Euskal Konfederazioak azaldu zuenez, «azken urte eta hilabete hauetan lurralde hizkuntzak garatzeko helburua zuten hainbat tokiko deliberoren kontra egin du frantses Estatuak, prefeten bidez, abantzu sistematikoki argudiatuz Konstituzioaren kontrakoak zirela». Hala, Errepublikako hizkuntza bakarra frantsesa dela jasotzen duen frantziar Konstituzioaren 2. artikulua oztopo gaindiezin bihurtu da.

Berdin, hezkuntza alorrean, murgiltze ereduaren garapena mugatzen duten zirkularrak zein euskal edota bretoi haurren izenak jatorrizko hizkuntzen grafia erabilita erroldatzeko orduan gurasoek atzemanen dituzten oztopoak «joera kezkagarri horren» adibideetako batzuk baizik ez direla nabarmendu du, kezkaz, 2019an sortu zen Gure Hizkuntzak Bizi Daitezen kolektiboak mobilizazio egunari begira zabalduriko agirian.

Ipar Euskal Herrian, ”Euskara orain!” leloa airoski zabaldu zuten atzo euskaltzaleek. Orotara hamar bat herritan - Arbonan, Azkainen, Baionan, Beskoitzen, Donibane Garazin, Hazparnen, Hendaian, Itsasun, Maulen eta Ziburun- elkarretaratzeak egin zituzten. Euskal Konfederazioak emandako datuen arabera, 800 bat herritar batu ziren beste hainbat lurraldetan bere itzala utzi zuen ekimen horretan.

«Biziberritze fase eraginkor batean sartzeko eta hiztunen hizkuntza eskubideak errespetatuak izan daitezen ezinbestekoa da euskara bezalako lurralde hizkuntzen aldeko lege koadroa eraikitzea, juridikoki babesteko; baina horrelako lege koadro eraginkorra xutik ezartzeko, frantses Konstituzioaren 2. artikulua aldatzea da lehen baldintza, ezinbestekoa», nabarmendu zuten antolatzaileek.

Azterketak euskaraz egiteko aldarrikapenak indar berezia hartu zuen, hala nola Ziburun burutu zuten elkarretaratzean. ”Euskara ala ezkara” lelopean, Liburu eta Diskoaren 5. Azoka egin zuten atzo Lapurdiko kostako herrian. Euskararen arnasgune bilakatu den merkatuak eguerdian hartu zuen atsedenaldia baliaturik, hamarnaka lagunek argazki erraldoia egin zuten plazan ezarritako oholtzaren aurrealdean. ”Azterketak euskaraz” eta ’Konstituzio aldaketa” leloekin afixak erakutsi zituzten bertan.

BRUSELARA BEGIRA ERE

Parisera soilik ez, gutxitutako hizkuntzen defentsan jarduten duten eragileak Bruselara begira ere badaudela azaldu zion GARAri, telefonoaren bestaldetik, Sebastien Castetek. Euskal Konfederazioko ordezkariak jakitera eman zuenez, europar hauteskundeak gertu direla-eta, kolektiboak hautagai ezberdinei galdetegia igorri die hizkuntz eskubideei buruz duten jokabidea zein den «ahal den eta era argienean azaldu dezaten».

Parisen zein Bruselan gauzak aldatzea ez dela erraza jakin badakitela gaineratu du. Hala ere, «gertatzen ez den bataila da galtzen den bakarra», ohartarazi du Euskal Konfederazioko kideak. Bide batez, mahai gainean mezu argigarria utzi du: «Frantziar Konstituzioaren 2. artikulua aldatzen ez den arte, ezin dugu aitzinamendu sendorik egin, nahitaez lehen urrats hori behar dugu lortu gure hizkuntzak aitzineratu daitezen».

Gutxitutako hizkuntzek duten «aniztasuna, indarra eta presentzia zabala ikusaraztea» da kolektiboaren xede nagusia. Legea eskuetan, frantses agintariek ezartzen dituzten trabak altxatzeko bidean indarrak biltzea ezinbestekoa dela erakutsi zuten atzo.

Azken bost urteetan kolektiboko kideek mobilizazio ugari sustatu dituzte eta, era berean, lobby lana garatu dute, non erabakiak hartzen diren gutxitutako hizkuntzak bere dituzten hiztunen beharrak agerrarazteko.

Otsailean 40 bat ikaslek Asanblea Nazionalera eraman zuten mezuari bigarren oihartzuna emanez, haien hizkuntzak bizi daitezen nahi osoa dutela berretsi zuten atzo, norberak bere lurraldean.