GARA Euskal Herriko egunkaria

Euskal Eskola Publikoarentzat «politika ausartak» galdegin dituzte

Euskal Eskola Publikoaren 31. jaia hartu zuen atzo Ordiziako Urdaneta eskolak. Hamarkada hauetan lortutakoa balioan jarri zuten, baina aurrera begira «politika eta erabaki ausartak» eskatu zituzten. Hiru ardatzen bueltan antolatu zuten atzoko festa: aniztasuna eta inklusioa, euskara eta publikotasuna.

Jendetza ibili zen atzo Ordizian, Euskal Eskola Publikoaren jaiaren 31. edizioan. (Gotzon ARANBURU | FOKU)

“Publikoa al do!” lelopean abiatu zen atzo goizean Euskal Eskola Publikoaren 31. jaia Ordizian. Goizean goizetik jendea auzolanean zebilen arren, 11.00etako irekierarekin eman zioten egunari hasiera. «Zirimiria zaparrada bihurtuko duten neurri eta politika ausartak behar ditugu», defendatu zuten.

Urdaneta eskolak 50 urte bete ditu aurten, eta guraso elkarteko kideek abagunea aprobetxatu zuten bertaratutako politikariengana zuzentzeko: «Gaur euskara, aniztasuna, publikotasuna aldarrikatzeko eguna da, baina begietara begira esan nahi dizuet: politika eta erabaki ausartak eskatzen dizkizuegu». Besteak beste, Ordiziako alkate Adur Ezenarro, Gipuzkoako diputatu nagusi Eider Mendoza eta Jokin Bildarratz Hezkuntzako sailburua zeuden oholtzan.

PUBLIKOAREN GARRANTZIA

Irekiera ekitaldiari hasiera emateko dantzatu behar zuten haurren urduritasuna nabaria zen Barrena parkean. Aurkezpenen eta esker hitzen ostean, Arkaitz Aburto Euskal Herriko ikasleen gurasoen elkarteko lehendakariak hartu zuen hitza, eta orain arteko bidea txalotu ostean, datozen urteetarako erronkak zerrendatu zituen: «”Publiko” hitzaren esanahia berreskuratu eta balioan ipini behar dugu: guztiona eta guztiontzat». Bigarrenik, inklusioa eta ekitatea bermatzea eskatu zuen, «eredu merkantilistatik aldendu eta balioetan zentratuz».

Hirugarrenik, administrazioaren «erabateko mendekotasunetik» askatu behar dela gaineratu zuen. Eta amaitzeko, euskarari begira jarri zen: «Lortu dugu D eredua eskola guztietara zabaltzea, orain ikaskuntzaren kalitatea handitzea dagokigu».

AURRERA BEGIRAKO EZTABAIDAK

Ordiziako eskola publikoa «Euskal Herriko herri eta auzoen isla da, muturrera eramandako isla», Maria Albisu guraso elkarteko lehendakariaren hitzetan. Izan ere, bertan, 30 jatorritako umeak daudela eta 20 hizkuntza baino gehiago hitz egiten direla kontatu zuen; «egoera zaurgarrian dauden familiak ditugu, euskara ez dakiten herritar asko, baina hori ez da arazoa, aukera da, aberastasuna da».

Ezenarro Ordiziako alkateak Urdaneta ikastetxea herrian «zutabe garrantzitsua» dela adierazi zuen, eta etengabeko aldaketan dagoen eremua izatea txalotu zuen Bildarratz Hezkuntzako sailburuak: «Ikastetxeak gizartearekin batera aldatu behar dira, gizarte sare indartsu bat behar dugu, eta guk pozik egon behar dugu egindako bilakaeraz». Eztabaidak etorkizunera begira eman behar direla nabarmendu zuen, eta ez iraganari begira.

Ekitaldia amaitzeko, Urdaneta eskolako ikasleak igo ziren oholtzara eta hainbat aldarrikapen zituzten paperezko hegazkinak bota zituzten, beraien nahiei bide emanez. Barrena parketik beste hiru gunetara zabaldu zen jende andana, eta egun osoan zehar familia giroa izan zen nagusi.