GARA Euskal Herriko egunkaria

4.000 baino gehiagok hasi dute unibertsitaterako proba Nafarroan

4.036 ikaslek atzo hasi zuten Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazioa Nafarroan. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan gaur hasiko dira, eta 12.900 ikaslek egingo dute proba aurten. Pandemiarekin ezarri zen eredu malguaren azken urtea izatea aurreikusten da.

Unibertsitatera sartzeko proba iaz Iruñean. (Iñigo URIZ | FOKU)

Ia 17.000 ikaslek Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazioa egingo dute egunotan Hego Euskal Herrian. Nafarroan atzo hasi ziren eta iaz baino 215 ikasle gehiago dira, 4.036. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan gaur hasiko dira azterketekin 12.900 ikasle.

Bihar bukatuko dute Nafarroan eta, Ana Zabalza herrialde horretan probaren arduraduna denak emandako datuen arabera, matrikulatutako ikasle guztietatik 2.377 emakumeak dira (%51) eta gainerako 1.659 gizonezkoak (%49).

Hizkuntzari dagokionez, 3.010 ikaslek gaztelaniaz egingo dute proba (%74), eta gainerako 1.026ek euskaraz (%26). Zifra horiek «egonkor» mantendu dira azken urteotan, Zabalzak adierazi zuenez.

Aurtengo deialdiko berritasun nagusia da lehen aldiz ebaluatzen direla Lomloen jasotako Batxilergoko modalitateetako ikasgaiak; izan ere, 23 irakasgai izatetik 32ra igaro dira, eta, ondorioz, proben ordutegiak beste deialdi batzuetakoekin alderatuta egokitu behar izan dira.

Era berean, NUPek zuzentzaileen kopurua handitu du, hiru egun horietan zehar egingo diren 23.000 azterketak zuzentzeko. Horrela, 170 izango dira, iaz baino 14 gehiago.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan gaur hasiko dira Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazioaren frogekin 12.922 ikasle, EHUk jakitera eman duenez. Hauei 511 ikasle gehitu behar zaizkie, nota igotzeko irakasgai espezifikoetara aurkezten direnak.

Guztira, 13.433, iazkoa baino %0,2 handiagoa da zifra, orduan 13.401 ikasle matrikulatu baitziren. Lanbide Heziketako ikasleak 815 izatetik 849 izatera pasatu dira.

Sarbide fasean, Gaztelania eta literatura; Euskara eta literatura; Espainiako historia ala Filosofiaren historia; Lehenengo atzerriko hizkuntza; eta Batxilergoko 2. mailako modalitateko derrigorrezko gaia egingo dute ikasleek.

Onarpen fasea borondatezkoa da. Ikasleak edozein irakasgai aukeratu dezake enborreko aukerako irakasgaien artean, gehienez, lau.

Azterketak 2020an covidaren pandemiagatik ezarritako eredu malguarekin egingo dira, bi azterketa ereduren artean aukeratu beharrean galderak konbinatzeko aukera ematen duenarekin, baina aurtengoa hau egiten den azken urtea izatea espero dute.