GARA Euskal Herriko egunkaria
GAURKOA

E9, botoa eman aurretik...


Ekainaren 9an Europako Batasuneko Parlamentua berritzeko botoa ematera deituta gaude. Ez da arinkeriaz hartzeko zerbait, gure bizia baldintzatzen duen erakundea baita. Diru asko mugitzen du eta lege eta arau asko finkatzen du. Egun hauetan nonahi entzuten da eskuin muturrak Europako instituzioak bere esku hartuko balitu askatasun ugari arriskuan legokeela. Gogora dezagun Italiako lehen ministro Giorgia Melonik izugarriak esaten zituela, baina 2022an kargu horretarako izendatu zuten egunaz geroztik apal-apal Europan finkatuta dauden arau guztiak zintzo ari dela betetzen. Aurretik Frantziako Marine Le Penek beste hainbeste egin zuen. Egun Europan zaunkaka eta uluka dabiltzan gainerako ultra guztiek bide bera jarraituko dute, jakina. Beldur gutxi zaunkari hauei.

Etsaiak elite ekonomikoak dira. Gaur egun nekez jar liteke zalantzan korporazio transnazionalek agintzen dutela, mundu osoan bezala, AEBetan eta Europako mendebaldean. Ez dute aurpegirik, baina hor dira. Hortaz, beldur gutxi eskuin muturrari, eta handia gero eta instituzio zabalagoak eta boteretsuagoak nahi dituzten aurpegirik gabeko horiei. EB elite korporatibisten proiektua da eta beren interes ekonomiko erraldoiak babesten ditu. Europa estatu bakarra balitz bezala darabilte, estatuen subiranotasuna saihestuz. Oso erraza egiten baitzaie Von der Leyen bezalakoak beren esanetara makurraraztea. Egiazko agintari hauei aurre egiteko, Europa osoa gune subirano askotan zatitzea dugu apustu eraginkorrena. Euskal Herria bezalako nazioek estatu propioa izan dezaten ederki txertatzen da erronka horretan. Herritarrok EB honen aurka egin beharra dugu. Herritarron bizi baldintzak hobetuko dizkigun eta Europa osoa, Lisboatik Moskuraino, elkartuko duen egitasmo berri baten eraikuntzan jardun beharra dugu. Proiektu honen oinarriak: yankien morrontzatik askatuko gaituen autonomia estrategikoa eta deszentralizazioa. Erabakiak biztanleengandik gertu hartzea arma estrategikoa da herritar xumeentzat.

Ukrainako guda, Europako arazorik handiena. Aurpegirik gabeko horiek dira preseski Ukrainako gatazkaren −oraintxe Europan dugun arazo handienaren- erantzuleak. Ehunka mila hildako, milaka elbarritu eta desagertu, milioika errefuxiatu, milaka etxe birrindu... Etorkizunik gabe utzi dituzte Ukraina eta ukrainarrak. Ustelkeriak jota zegoen estatua aise erabili zuten Errusia kolpatzeko. Eta orain, nahiz hauteskundeetan politikoek ez duten honetaz sakon hitz egin nahi, herritarrok ozen oihukatu beharko dugu hau dela Europan dugun afera handiena. Ukraina urruti egotea eta guda hizketagai deserosoa izatea ez dira hauteskundeotan isilik gordetzeko arrazoi baliagarriak.

Gudaren gogortasunak hustu egin ditu Europako Batasuneko armategiak. Nonbait emankorragoa da Errusiaren aurka militarki ekitea Europan giro baketsua eraikitzearen aldeko apustua egitea baino. Lau dira bakar-bakarrik guda hori amaitzeko edo moteltzeko dei publiko argia egin duten presidenteak: Hungariako Viktor Orban, Serbiako Aleksandar Vucic, Italiako Giorgia Meloni eta Eslovakiako Robert Fico, oraindik ospitalean datzana lau tiro jaso ondoren, kasualitatez Ukrainari arma gehiago ez emateko dei publikoa egin ondoren. Bitartean, Sánchez Espainiako presidenteak dagoeneko 11.000 milioi euro oparitu dizkio Zelenskiri eta beste 5.000 milioi agindu dizkio hurrengo urteetarako. Espainia guda suspertzen ari da, bakea eraiki beharrean. Hau kontrastea! Ustez inoizko gobernu progresistena guda bultzatzen ari da, ustezko eskuin muturrekoak diren Orban eta Melonik guda amaitzeko edo apaltzeko deia egiten duten bitartean.

Guda Europa osora zabaltzeko arrisku bizia. NATOk hamaika probokazio gogor egin dio Errusiari, eta bakarrik Vladimir Putinen pazientzia estrategikoari esker ez da oraindik lehertu guda Europa osoan. Baina iritsiko da eguna. Britainia Handiko eta Frantziako misilekin egunero ari dira bonbardatzen Errusiako Belgorod eskualdea. Hildako zibil ugari eragiten ari dira eta, Errusiak «casus belli»-tzat oraindik deklaratu ez baditu ere, egoera honek ezin lezake luze iraun. Horrez gain, bi aldiz bonbardatu dituzte Errusiako radar estrategikoak, misil nuklearrak detektatzeko direnak, Errusian eraso hauek arma nuklearrak erabiltzeko arrazoitzat jasota daudela jakinagatik ere. Macron eta Sunak presidenteak gatazka nuklearra bultzatzen ari dira, eta gure politikoak, bitartean, mutu.

NATO eraitsi beharra. 1990ean Sobiet Batasuna desegin zenean, berarekin batera NATO ere desegin egin behar zatekeen. NATO eraitsi beharrean, zabaldu egin zuten erakundea ekialderantz, Errusiaren gaineko presioa areagotuz. Azken urratsa Ukraina bertan sartu nahi izatea izan zen eta... ondorioak bistan ditugu. Sobietarren balizko erasoetatik defendatzeko sortu zen erakundea Errusiaren aurkako makina suntsitzailea bihurtu dute. Munstro hau eraitsi egin behar da. Bitartean, herritarrok bertatik atera gaitzaten aldarrikatu behar dugu.

Armak erosteko dirutza handitzeari ez. Azken hilabeteotan, EBko presidenteak armategiak berriz betetzeko urratsak egiten ari dira. Espainia zintzo demonio ari da betetzen agindua, eta dagoeneko BPGaren %1,75etik %2,5era igo du gastu militarra, eta %3-4ra arte igotzeko prest da. Diru hori nondik aterako da? Denok ongi dakigun lekuetatik: pentsioen igoerak amaitu eginen dira, eskoletan haurrek irakasle eta material gutxiago edukiko dute, ospitaleetan herritarron itxaron zerrendak areago luzatuko dira, gizarte-zerbitzuen aurrekontuak murriztu eginen dira...

Ekainaren 9an botoa eman aurretik hausnartzeko hainbat irizpide.