GARA Euskal Herriko egunkaria

Gidoia bete eta, 2016tik lehen aldiz, interes tasak jaitsi ditu EBZk, %4,25era arte

Zortzi urtetan lehen aldiz interes tasak jaitsi diren arren, EBZko presidenteak ez zuen egin nahi izan haien balizko bilakaerari buruzko aurreikuspenik. Ohartarazi zuen bidea «oztopoz beteta» egongo dela eta datozen hilabeteak oraindik «zailak» izango direla.

Christine Lagarde, EBZko presidentea. (Kirill KUDRYAVTSEV | AFP)

Azken hilabeteetan marrazten joan den gidoiari jarraiki, Europako Banku Zentralaren Gobernu Kontseiluak diru interes tasa ofizialak oinarrizko 25 puntutan jaistea erabaki zuen atzo.

Ondorioz, finantzaketa eragiketa nagusien interes tasa %4,25ekoa izango da ekainaren 12tik aurrera. Kreditu erraztasun marjinalarena eta gordailu erraztasunarena, %4,5ekoa eta %3,75ekoa izango dira, hurrenez hurren.

Zortzi urte zeramatzan tasa nagusiak jaitsierarik gabe, 2016ko martxotik, eta gordailu tasaren aurreneko beherapena izan da bost urtetan, 2019ko irailetik.

Azken lau bileretan, interes tasak ukitu gabe utzi zituen erakundeak, baina, 2023ko urrira arte, hamar aldiz jarraian igo zuen diruaren prezioa, 20 urte baino gehiagotan maila gorenera eramanez.

ERABAKIAK

Europako Banku Zentralak (EBZ) egiaztatu zuenez, 2023ko irailetik hona inflazioa 2,5 puntu baino gehiago jaitsi da, eta aurreikuspe- nak «nabarmen hobetu dira».

Azpiko inflazioa ere (energia eta elikagaiak kontuan hartzen ez dituena) moteldu egin dela adierazi zuen EBZk, «eta horrek indartu egiten ditu inflazioaren presioak ahuldu egin direla adierazten duten seinaleak».

Ildo horretan, Christine Lagarde EBZko presidenteak argi utzi nahi izan zuen oraindik hilabete zailak falta direla, eta bidea «oztopoz beteta» egongo dela. Beraz, ez du tasen garapenaren inguruko aurreikuspenik egin. Dena datuen arabera izango dela adierazi zuen. «Datuak eta datu gehiago beharko ditugu, baita horien analisia ere, etengabe baieztatzeko desinflazio bide honetan gaudela».

«Badakigu zer norabide hartzen ari garen. Badakigu zer metodologia aplikatuko dugun (...), baina oso zalantzazkoa da zein abiaduratan bidaiatzen ari garen eta zenbat denbora beharko dugun», ohartarazi zuen Lagardek.