GARA Euskal Herriko egunkaria

Israelek Gazan egindako azken sarraskiak 210 hildako baino gehiago utzi ditu

Min neurrigabea, Gazako biztanleen artean. (Bashar TALEB | AFP)

 

Euskal Herrian bezala munduko beste hamaika txokotan egunero burutzen ari diren mobilizazioei entzungor eginez, Israelek Gazaren aurkako oldarraldi basatiari eusten dio, eta atzo, berriz ere, sarraskia egin zuen zerrendako erdialdean.

Gazako Osasun Ministerioak emandako datuen arabera, gutxienez 210 lagun hil eta dozenaka zaurituta suertatu ziren Israelgo Armadaren beste bonbardaketa batean. Gehienak Nuseirateko errefuxiatuen kanpamenduan zendu ziren, baina Deir al Bala, Zueida eta Bureij herrietan ere bonben eragina sumatu zuten, WAFA albiste agentziak adierazi zuenez. Gaineratu zuen «aurrekaririk gabeko» bonbardaketa izan zela. Ministerioak zehaztu zuen biktima gehienak emakumezkoak eta haurrak izan zirela.

Gazan oraindik lanean ari diren anbulantziak gainezka zeuden eta ez ziren gai izan bonbardaketaren ondoren laguntza eskari guztiei erantzuteko.

«TRISKANTZA IZUGARRIA»

Palestinako Agintaritzak «triskantza izugarritzat» jo zuen. Alde horretatik, Nabil Abu Rudeina Agintaritzako Presidentetzaren eledunak atzo adierazi zuen Gaza erdialdean jazotakoa «herri palestinarrak pairatzen duen genozidioaren jarraipena» dela, eta Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluari eta nazioarteko komunitateari esku hartzeko eskatu zien berriz ere.

Zehazki, «okupatzaileen agintariei nazioarteko ebazpen guztiak urratzen dituzten ekintza hauek guztiak gera ditzaten behartzeko» galdegin zien Abu Rudeinak.

Atzoko sarraskia Nazio Batuen agentziaren eskola bat bonbardatu eta hiru egunera gertatu zen. UNRWAko egoitzaren aurkako eraso horretan beste berrogei lagun hil ziren, gehienak zibilak, eta batzuk, haurrak.

Jazotakoari erantzunez, Hamasen buruzagi politiko Ismail Haniyek esan zuen Israelek ezin izango duela «bere borondatea inposatu» atzokoa bezalako sarraskiekin. «Okupatzaileek uste badute beren borondatea indarrez inposatu ahal izango dutela, tronpatuta daude», nabarmendu zuen, eta adierazi zuen ez duela «palestinar herriaren segurtasuna bermatuko ez duen» inolako akordiorik onartuko.

Israelgo Gobernuak, bere aldetik, iragarri zuen joan den urriaren 7an Hamasek gatibu hartutako lau lagun askatu zituela. Hain zuzen, Noa Argamani emakume gaztea eta Almog Meir Jan, Andrey Kozlov eta Shlomi Ziv gizonezkoak dira libre geratutakoak. Laurak Gazatik gertu egiten ari zen Supernova musika jaialdian gatibu hartu zituzten palestinar miliziek. Iturri militarren arabera, Nuseirateko bi ezkutaleku desberdinetan zeudela askatu zituzten.