GARA Euskal Herriko egunkaria

Bilboko luthier eskola, soinua zizelkatzearen artea zabaltzen

Estatu espainoleko luthier eskola bakarra Bilboko Juan Crisostomo Arriaga kontserbatorioko sotoak hartzen du. Biolin, biola eta biolontxeloak egiten ikasten dute bertan, hiru urtez luzatzen diren ikasketetan. Bertatik bertara ezagutu dugu BELE, Bilboko Euskal Lutheria Eskola, ikasturte berrira begira dauden honetan.

Goian, Bilboko Lutheria Eskolako ikasleak, euren zereginetan buru-belarri sartuta. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Bilboko Juan Crisostomo Arriaga Kontserbatorioaren atea zabaltzean, XXI. mendeko eraikin aseptiko batekin topo egin dugu. Beirazko fatxada argitsua, horma eta altzari zuriak. Kontserbatorioa da, bai, baina izan zitekeen museo bat, liburutegi bat edo osasun zentro bat.

Eskaileretan behera jaitsi eta sotoko atea zeharkatutakoan, ordea, beste molde bat hartzen du espazioak, beste kolore bat, beste usain bat. Begiak itxita bertara eramanez gero, nekez esango genuke musika kontserbatorio batean gaudena. Zurgin edo ebanista baten lantegian, akaso.

Baina BELEn gaude, Bilboko Euskal Lutheria Eskolan. Jesus Alonso akustikako irakasleak fundatu zuen duela 40 urte Bilboko Lutheria eskola, eta curriculum berriarekin eta eskola ofizial bezala 10 urte beteko ditu datorren urtean.

Bertan egin zituen bere ikasketak Ander Arroitajauregik ere, gero Londresera jo bazuen ere antzinako musika tresnetan espezializatzeko, eta Estatu frantsesean ere denboraldia egin zuen aprendiz bezala. Urteak egin ditu autonomo bezala bere tailer propioarekin. Irakasle lanetan dabilenetik, denbora gutxiago ematen du Eibarko bere tailerrean, baina oraindik ere badabil, merkatuko azken teknikak, modak eta korronteak ezagutzeko modurik aproposena baita.

Erreferentzia da Bilboko Lutheria Eskola, ez Euskal Herri mailan soilik, baita Estatu espainolean ere, gisa honetako eskola publiko bakarra baita Bilbokoa. Estatu frantsesean bestela daude kontuak, harizko musika tresnek beste osasun bat dute han, eta ondorioz luthier eskolak ere ohikoagoak dira. Jaurlaritzaren hezkuntza departamentuaren barnean daude, nahiz eta karrera bezala onartuta ez dauden. Izaera bitxia du, hortaz: kontserbatorioaren baitan dagoen departamentu bat da, baina era berean eskola bat da. Harizko instrumentuen zaharberritzea izeneko goi mailako zikloa ere eskaintzen dute, musika tresnen konponketa eta zaharberritzeak baitu lan irteera gehien.

Estatu espainol osotik etortzen dira ikasleak Bilbora, baita atlantikoaz bestaldetik ere, ikasle latinoamerikarrak ere iristen baitira, hizkuntzaren gertutasuna medio (ikasketak gazteleraz ematen dituzte, irakasleak euskaldunak izan arren).

IKASTEKO GOGOA

Bertako ikaslea izateko batxilergoa eginda eduki behar da, edo heldutasun froga bat egin behar izaten da. Bestela, hiru zatitan banatutako sarrera froga bat egin behar izaten da: marrazketa artistikoa, testu iruzkin bat eta egurra lantzeko froga bat ere bai. Baina jendea ezagutzeko frogak dira, hutsetik abiatu daiteke bat luthier eskolan, izatez ikasle asko dira horrela, hutsetik abiatu direnak. Musikari buruzko jakintza izatea ere ez da ezinbestekoa. Gogoa izatea da garrantzitsuena, ikasteko gogoa.

Hiru ikasturtetan banatzen dira ikasketak. Ikasturte bakoitzean proiektu bat gauzatzeko dauka ikasleak: lehen urtean biolin bat egin behar du; bigarrenean, biola bat; eta hirugarrenean, biolontxelo bat. Lan praktikoak du, hortaz, ikasketa orduei dagokienez karga handiena. Baina historia, akustika, materialak edo diseinuari buruzko klase teorikoak ere jasotzen dituzte. Eskolaren egituran bertan ikusi eta usaindu daiteke lan praktikoaren garrantzia. Bilboko kontserbatorioaren sotoan kokatu duten eskolak, ikasgela baten tankera baino, duela 50 urteko zurgin edo ebanista baten lantokiaren itxura gehiago du. Atea zabaltzeaz bat kolpatzen du sudurra egur, erretxin eta berniz usainak. Zurezko mahai sendoetan, egur zatiak, txirbil arrastoak, gubiak, arrabotak, trintxak eta eskuzerrak non-nahi ikusiko ditugu, ikasleen eskuetan forma eta gorputza hartuz doazen biolin, biola eta biolontxelo artean.

Artisau lana da luthierrarena. Molde bat ematen zaie, besterik ez. Hortik abiatuta, ikasleak egur zatiak aukeratu eta hauek lantzen joan behar du, duela 300 urtetatik hona apenas berrikuntzarik izan duten musika tresnen erreplika bakarrak egiteko. Musikarekin batera garatzen joan dira musika-tresnak ere: egiten diren aldaketak musikarien beharretara egokitzeko egiten dira. Areto handiagoetan jotzen hastean, edo laukote formatuetan, esate batera, sonoritate handiagoa behar izaten dute harizko tresnek, eta hortik etorri dira azken hamarkadetan egin izan diren aldaketak, maila mekanikoan gehienbat, ez horrenbeste maila estetikoan. Itxuraz bertsuak diruditen arren, bakarra da biolin, biola edo biolontxelo bakoitza, eta haren soinua errepikaezina.

KOPIATUZ, IKASI

Mundu oso klasikoa eta itxia da, eta ez dakienaren begietara aldaerak oso sotilak dira. Kopiatuz ikastea da helburua; beraz, ikasleei horixe gomendatzen diete, har dezatela erreferentzia bat eta berau erreproduzitzen saia daitezela. Maisulanak hobetzea nekeza denez, sorkuntzara ordez ahaleginak kopia onak egitera bideratzea eragingarriagoa da.

Eta hala eta guztiz ere, inoiz ez da erabateko erreplika izango. Ez baitaude bi egur berdin, enbor berberean ere propietate mekaniko ezberdinak dituen egur zatiak topa ditzakegu. Ez daude bi egur zati berdin, beraz, ezta egur hori landuko duten bi esku berdin ere. Baina helburua beti bera da, objektutik harago soinu baten bilaketa. Hori baita objektuaren funtsa. Soinu konkretu baten bilaketaren emaitza da musika tresnak hartzen duten gorpuzkera. Garai bateko izen handiko egileen (Stradivari, Amati, Vuillaume...) lanak bezainbesteko pisua izan du, berrehun urtez tailer anonimoetan lanean aritu diren artisauen egiteak, egun ezagutzen dugun soinu hori lortzeko bidean. Tomografia industrialez baliatuz, hiru dimentsiotako erradiografiak ateratzen zaizkie pieza historikoei. Honek aukera ematen du egurraren dentsitatea, kola kantitatea edota agerikoak ez diren konponketak ikusteko, instrumentua ireki ere egin gabe.

LEHENGAIEN GARRANTZIA

Lehengaiak funtsezkoak dira ofizio honetan, eta luthier ikasketetan irakasgai ezinbesteko hauek ezagutzea eta aukeratzen jakitea. Egurra eta kola. Ez edozein egur, ordea, ezta edozein kola ere. Alpeetako izeien enborrak erabili ohi dira biolinaren gaineko tapa, tapa harmonikoa egiteko: arina eta zurruna da aldi berean. Alboak, atzealdea eta masta astigar egurrez egin ohi dira. Balkanetakoa da estimu gehien duena, uhin forma ederreko betak dituen egurra izaten baita. Mastaren gaina egiteko, aldiz, Afrikatik ekarritako ebanoa erabiltzen da. Hezurren kolagenoa erabiliz egiten den kola, berriz, duela 300 urte erabiltzen zen kola egiptoar bera da.

Urte osoa emango dute lehenbiziko ikasturteko ikasleek euren eskuz biolin bat egiten. Ikasketak amaitzerako erronka, ordea, bost astetan bukatzeko gai izatea da.

Zurian, bernizatu gabe. Bernizatzea, hurrengo pausoa, eta hau ere tentuz eman beharrekoa. Ezin baita edozein berniz erabili, instrumentuaren akustika, eta ondorioz soinua, aldatu baitezake berniz lodi eta gogor batek, esate batera. Beti aldatuko du musika tresnaren soinua bernizak, eta hala behar du: zurian jotzen den biolin baten soinua beti da zakarragoa. Behar den neurriko gozotasun puntua bilatzen lagunduko du berniz egokiaz janzteak.

Egurrak, kolak, bernizak, eta luthierraren eskuak baldintzatuko dute biolin, biola edo biolontxelo bakoitza. Baina instrumentua ez da hor amaitzen: jotzailearen nolakotasunak baldintzatuko du azken soinua. Gogoan du Ander Arroitajauregik eskolan izandako bisita berezi bat. Renaud Capuçon handia Bilbon jotzekoa zela-eta, eskolara gonbidatu zuten. Bere Stradivarius-a ekarri zuen altzoan. Honen sokak igurtzi zituen lehenengo, soinu garratza zuen, berezia inondik ere. Jarraian eskolako ikasle batek egindako biolina hartu eta hau jo zuen. Ezin esan soinu bera zenik, baina bai oso antzekoa, jotzailearen nortasunaren ispilu. Alpeetako haize hotzek igurtzitako izeietatik abiatu eta jotzailearen eskuetan amaitzen da, horrenbestez, biolinaren soinua. Baten eta bestearen arteko bidea egingo du luthierrak.