GARA Euskal Herriko egunkaria

(I)kazkina


Zubikoa» deitu zion Teodoro Hernandorenak, eta ezizen hori bere izena baino ezagunagoa egin zen. Donibane Lohizunen sariketa bat antolatu nahian zebilen Hernandorena, Zizurkilgo sendagile erbesteratua, eta txondorra egiten aurkitu zuen Ximun Ibarra sunbillarra Iratiko oihanean. Uzkurra zen Ibarra, bertsotan aritzea maite zuen, baina diktadurari ihesi ailegatua zen Iparraldera eta oihaneko zuhaitzen artean ezkutatu. «Zubikoa» bezala nehork ez zuela ezagutuko argudiatuta, parte hartzera konbentzitu zuen Hernandorenak; gerora, dozenaka bertso saio eta txapelketatan aritu zen. Xalbadorrek maisu beharrik ez zeukala baldin badakigu ere, beretzat Zubikoa hala izan zela aitortu zuen. Xalbadorri bertso hau kantatu zion hil arte Aldudeko bailaran bizitu zen ikazkinak: «Nere izaitez naparra naiz ni, alde huntan gaur naizena/ Eta zen Ximun lehendabiziko, jarri zidaten izena/ Geroztik hunat beti hor nabil, munduan buelta barrena/ mendian etxoletan ikazkin, ofiziorik onena!». Bankako Petra Telletxearekin ezkondu zen Zubikoa, bera baino askoz gazteagoa. Egun alarguna den bankarrak duela gutxi kontatu zuen negua han pasatzen zuela senarrak, gosari on baten ondotik Xalbadorrek eramaten zuela bertsotara, ez baitzeukan autoko permisorik, eta etxera ekartzen zituen sosekin aurrera ateratzen zirela. To be continued.