GARA Euskal Herriko egunkaria

Bizkaiko emakume ekintzaileak eta Milangoak, elkarrekin ikasten

EmakumeEkin elkarteak eta Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustatzeko Sailak antolatutako INNPower jardunaldiak seigarren edizioa du aurten. Atzo hasi eta gaur bukatuko den ekitaldira Milango hiru enpresaburu erreferente gonbidatu dituzte.

Emakume ekintzaileak, atzo, INNPower jardunaldiaren lehendabiziko egunean, Bilbon. (EmakumeEkin)

INNPower jardunaldiak urteroko hitzordu finkatua dira berrikuntzarako gaitasunak landu nahi dituzten Bizkaiko emakume ekintzaileentzat. 200 emakumek baino gehiagok hartu dute parte orain arte, Amsterdam, Helsinki, Auckland, Dublin eta Berlin erreferentziazko hiritzat hartuta. Seigarren edizio honetan, Milanekin eraiki dute zubia, «berrikuntzarako, birmoldaketarako eta erresilientziarako gaitasun handia» erakutsi duela aintzat hartuta.

Jardunaldiak atzo hasi ziren Bilboko B Acelerator Tower - BATen, “Zure negozioa birdiseinatu, zure trebetasunak berrerabili” izenburupean. Izaskun Rama EmakumeEkineko presidenteak inaugurazioan azpimarratu zuenez, negozioaren egitura eta estrategia berrikustea eta egokitzea ezinbestekoa da ingurune aldakor honetan. Hori dela eta, ardatz moduan ezarri dute Bizkaiko ekintzaileekin lan egitea.

Bestalde, Isabel Sarrionandia Foru Aldundiko Enpresak Sustatzeko zerbitzuburuak erantsi zuenez, aurten 4,5 milioi euro bideratu dituzte enpresa proiektu berriak sortzera.

ERREFERENTEEN HITZALDI ETA TAILERRAK

Sarreraren ostean, hiru gonbidatu milandarrek hartu zuten hitza: Letizia Olivari kazetari eta harreman publikoetan adituak, Francesca Gammicchia enpresa coach-ak eta Elisabetta Carosio antzerki zuzendari eta irakasleak. Beren ibilbidean berrasmatzen jakin dute, eta orain negozio arrakastatsuen buru dira.

Olivarik bezeroekin harreman esanguratsuak lantzeko estrategia eta teknika praktikoak aztertu zituen; Gammicchiak ekintzailetza pentsamoldea lantzeko eta negozioak berriz diseinatzeko hainbat tresna aurkeztu zituen; eta, azkenik, Carosiok emakume ekintzaileen oreka entrenatzeko antzerki-tailer bat eman zuen.

INNPower Milan-Bizkaiak erabat praktikoa izango den lantegi batekin jarraituko du gaur. Bertan, emakume ekintzaileek hainbat ibilbide landuko dituzte euren negozioak nahi duten norabidetik bideratzeko. Ondotik, Itziar Zubizarreta Hormaechek, foru erakundeko Enpresak Sustatzeko zerbitzukoak, ondorioak azalduko ditu eta amaiera emango dio seigarren edizio honi.

EmakumeEkin genero ikuspegiarekin lan egiten duen emakume ekintzaileen elkartea da, eta 140 emakumezko enpresaburu baino gehiago ditu bazkide Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, horietatik %99 bere negozioaren sortzaileak. Elkarteak 11 urte ditu eta emakume ekintzaileen ahalduntzea eta sareak ahalbidetu nahi ditu. Horretarako, ekitaldiak, prestakuntza ibilbideak eta ekintza berritzaileak antolatzen ditu.