GARA Euskal Herriko egunkaria

Militantzia


Militante izpirituan egon behar dugu, zenbaitetan ahanzten dugu hori», irakurtzen diogu Daniel Landarti ‘‘Argia’’-n, eta ondo laburbiltzen dute idazle nafarraren euskal kulturarekiko atxikimendua. Euskal kulturaren aldarrikapenerako deia egiten du ere, «beharko dugu militantismoz aritu, militantismoak gaituelako salbatuko». Eta pozgarria da hitz horiek irakurtzea, izan ere, batzuetan badirudi kulturan aritzea militante izatetik aldenduta dagoen zerbait dela. Sorkuntzan aritzeak ezinbestez ekarriko du bizi zaren jendarteaz gogoeta egitea, dauden arazoez ardura hartzea, injustizien aurrean lekua hartzea eta hori guztia sorkuntzan agertzea, molde batera edo bestera. Hori militatzea ere bada. Bestela, zer demontre azaldu nahi dugu sormen lanetan?

Ipuinak kontatzea maiz ikusi ohi da jardun eder baten antzeko, liluragarritzat akaso; ordea, sakontasun handirik gabekoa bestelako kultur jardunen aurrean. Baina ahozko kontakizunak mendeetan barrena herri xehearen adierazpen nagusia izan dira, bizi izan duen munduari begiratzeko modua, izatearen gaineko kezkak azaltzeko, galderak egiteko. Gaur egun, kontalaria ipuinak kontatu aurretik gogoeta horietan murgildu ezean, hitz hutsetan ariko da. Hitz eder eta liluragarriak bezala, ipuinak ere militantzia beharko du. Faxismoari aurre egiteko hitzak.