GARA Euskal Herriko egunkaria

Bertsolaritza ondare immaterialeko kultur ondasun izendatu du Lakuak

Lakuako Gobernuak bertsolaritza babes bereziko ondare immaterialeko kultur ondasun izendatu du astearte honetan izan den Gobernu Kontseiluan. 2018an Nafarroan eta 2022an Ipar Euskal Herrian ere izendatu ostean, Euskal Herri osoan du aitortua izaera hori. Bertsozale Elkartearen arabera, izendapena bertsolaritzaren komunitateak eta elkarteak egindako lanaren aitorpena da. 2020an eskatu zuten izendapen hau.

2023ko Bizkaiko Bertsolari Txapelketa. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Bertsolaritzak babes bereziko kultur ondasun immaterial izendapena izango du aurrerantzean Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, Lakuako Gobernuak atzo egindako Gobernu Kontseiluan onartu zuen dekretuaren bidez.

Honekin, Euskal Herri osoan izango du izendapen berezi hau bertsolaritzak, 2018an Nafarroan izaera hori aitortu zitzaiolako eta 2022an Ipar Euskal Herrian. Lakuak babes bereziko ondare immaterialeko kultur ondasun izendatzen duen lehenengo elementua da bertsolaritza, eta izendapen ofiziala gutxi barru egingo dute.

Bertsozale Elkarteak ohar batean adierazi zuenez, Lakuak egindako urrats hau «komunitate oso baten lanari esker lortu da eta horren errekonozimendua da izendapena».

Halaber, «balio handiko ondare» dela nabarmendu zuten, «belaunaldiz belaunaldi helarazia, komunitateei identitate sentimendua ematen diena eta kultura aniztasunarekiko eta giza sorkuntzarekiko errespetua areagotzeko laguntza ematen duena».

Izendapenaz gain, babesteko neurriak ere aitortzen zaizkio bertsolaritzari; besteak beste, komunikazio eta publizitate kanpainak, prestakuntza programak edota beste administrazio batzuekiko hitzarmenak. Nafarroako Gobernuarekin eta Ipar Euskal Herriko Euskal Hirigune Elkargoarekin akordioak ere aipatzen dira.

Lakuak gogora ekarri zuenez, Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak 2023ko ekainean Gasteizko Legebiltzarrean adierazi zuen bertsolaritza dela ondare immaterialaren «adibiderik argiena: belaunaldiz belaunaldi komunitateak transmititzen, babesten eta aitortzen jakin duen adierazpen bizia da». Kultur ondare immaterialaren izendapen honek bertsolaritzaren babesa eta transmisioa bultzatzeko balioko duela diote Lakuako Gobernutik.

2020AN EGINDAKO ESKAERA

Unescoren Kultura Ondare Immateriala babesteko 2023ko Konbentzioarekin, kultur ondare immaterialarekin inbentarioa egiteko eta jendearen esku jartzeko prozesua gomendatzen da. Konbentzio horretan oinarrituta, administrazio bakoitzak bere legeria garatu du, eta horren barnean egin du eskaera Bertsozale Elkarteak eta eskuratu du izendapena.

Beñat Gaztelumendi Bertsozale Elkarteko Ikerkuntza arduradunaren esanetan, 2020an egin zioten orain onartu duen eskaera Lakuari. Gaineratu zuenez, «bertsolaritza arte diziplina bezala ez da jendearengandik eta mugimenduarengandik isolatuta dagoen gauza bat, horri lotuta garatu da eta garatzen jarraitzen du».

Ainhoa Urien Bertsozale Elkarteko lehendakaritza taldeko kidearen hitzetan, ez da «besterik gabe datorren izendapen bat» eta lanaren aitorpena eta balidazioa dela uste du. «Ondare hori immateriala bai baina mugiezina izan ez dadin mugimendu oso bati egindako aitortza da, eta ondarea bera ere mugimenduan» egongo dela gaineratu zuen elkarteko lehendakaritza taldeko kideak.

«Aurrera begira ere elkarteari suposatuko diona da bertsolaritzaren mugimendu guztiari leial izaten jarraitzea eta elkarteak egin ditzakeen ekarpen orok administrazioekin, eragileekin eta bestelakoekin harremanak izatea. «Espero dugu izendapen honek harreman horiek erraztuko dituela eta baliabide sorta gehiago ekarriko dizkigula», adierazi du Ainhoa Urienek, «oso egoera larrian» dagoen hizkuntza batean egiten den jarduera dela gogoraraziz.