GARA Euskal Herriko egunkaria

Anje


Charlie Watsen sindromea izenda dezakegu, edo nola izan zaitezkeen XX. mendeko kulturan eragin handienetakoa izan duen musika talde baten partaide, eta oin puntetan pasa entziklopedietatik, nola izan farandularen ohiko agertokietan arrotz, komunikabideen kutunen zerrendetako azkena. Jendaurrean diskretu, piztia eszenikoen taldekide pulamentuzkoaren rola alde batera utzi gabe. Inori Rolling Stones taldeko partaideen izen-abizenak eskatuta, baietz izan harena esaten laugarrena (gogoratzen dutenek, jakina).

George Harrisonena ere aipatzeko moduko adibidea izan daiteke: nola topatu zure lekua itzal, kasik inplosiboa, duten bi super nova mediatikoen alboan, talde berean (Ringo Star gutxienez sinpatikoa zen), eta nola egin zure bidea taldea desagertzen denean, haren itzal izugarriaren apurrak direlarik aitortza nagusi: hirugarren Beattles-a betirako.

Ez ote dago madarikazio moduko bat, zenbat eta eragin handiagoa izan taldeak, orduan eta zailagoa gertatzeko musikariari ibilbide propio eta arrakastatsua garatzea. Trebezia, zorte apur bat eta arte handia behar horretarako. Eta noski, haren ibilbidea luzea eta emankorra gertatu arren, poz handia eragin dit Anje Duhalderi Abadiñon Ostiral honetan egingo dioten omenaldiaren txartela ikusteak. Eta ez ditut maite omenaldiak, batere.