GARA Euskal Herriko egunkaria

Epaile euskarafoboak eta marko legala


Joseba Aranburu Garmendia

Inor gutxik zalantzan jartzen du azken boladan euskararen aurkako oldarraldi judizial baten aurrean gaudela. Epaile txit agurgarriek, hemengoek eta Espainiakoek, hamaika ebazpen kaleratu dituzte lanpostu publikoetan euskararen ezagutza exijitzearen aurka, exijentzia hori erdaldunentzat «diskriminatzailea» delako. Arrazoibide hori jarraituz, «diskriminatzailea» ere bada arkitekto bezala lan egiteko erakunde publiko batean arkitektura titulua eskatzea, horrek arkitektoak ez garenok «diskriminatzen» gaituelako. Lanpostu publiko batera, epaileen arabera, herritar guztiok eskubide bera dugulako. Zentzugabekeria.

Ni ez naiz legelaria, baina ezin dut ulertu zergatik Hego Euskal Herrian ezin den lanpostu publikoetan euskararen ezagutza exijitu eta, aldiz, Katalunian edo Galizian ez dago arazorik bertako hizkuntzak exijitzeko. Ez da logikoa. Ez al gara, epaileen arabera, «espainiar» guztiak berdinak legearen aurrean? Ez al ditugu denok eskubide berdinak? Ematen du ezetz. Galizian, non PPk aspalditik gobernatzen duen, lanpostu publiko ia guztietan galiziera eskatzen da; hango osasun sisteman lan egin nahi duten mediku berriek galizierazko azterketa ere egin behar dute, esaterako. Berdin Katalunian edo Balearretan. Zergatik epaile espainolek Galizian edo Katalunian onartzen dutena ez dute Hego Euskal Herrian onartzen? Euskarafobia?

Ez dut pentsatu nahi zirrikitu legal bati eusten diotela euskararen aurkako ebazpenak emateko. Ez dut pentsatu nahi gure hizkuntza legeak gaizki eginda daudela… Baina horrela balitz, dagokionari eskaera: lehenbailehen konpondu dezala, mesedez.