GARA Euskal Herriko egunkaria

Fermin Martinez Bergara lodosarra Lannemezandik irten da, 20 urte baino gehiago preso egon ondoren

Fermin Martinez, erdian, espetxetik atera berri. (ETXERAT)

Fermin Martinez Bergarari harrera egiteko, senide eta lagunak Lannemezango presondegiaren atarian izan ziren atzo. 2004ko ekainean atxilotu zuen Polizia frantsesak Limogesen, eta Parisko auzitegi bereziek zigortu egin zuten Plevingo bolborategi bretoian egindako lapurreta egotzita.

Martinez Bergararen bila aritu zen Polizia 70eko hamarkadaren amaieran, eta aldi labur bat eman zuen espetxean 80ko hamarkadan.

Beraz, hogei urte jarraitu hauei gehitu behar zaizkie aldi haiek. Denbora horretan, espetxetik ateratzea eskatu dute gertukoek, hainbat mobilizaziorekin, hala nola Sartaguda eta Lodosa arteko martxa bat 2021ean.

Gobernu frantsesak 2018an hasitako prozesuarekin, Martinez Bergara Saint-Martin-de-Re-tik Euskal Herrira hurbildu zuten (orduan Mont-de-Marsanera).

Gatibualdi luze honen azken fasea Lannemezanen izan da, eta bost euskal herritar geratzen dira han, Etxeraten zerrendaren arabera: Javier Abaunza, Arkaitz Agirregabiria, Garikoitz Aspiazu, Iñaki Esparza eta Mikel Karrera.

ERRASTI, ASKE

Zuhaitz Errasti preso ohia ostegunean mugan atxilotu zuen Polizia frantsesak eta, gaua Angeluko komisarian igaro ondoren, aske geratu zen atzo goizean. Ostegun iluntzean hamarnaka lagun bildu ziren polizia etxearen atarian, Errastiren askatasuna aldarrikatzeko.

Tarasconeko espetxean, Euskal Herritik 750 kilometrora, bere zigorra betetzen zuen Zuhaitz Errastik hurbilketa prozesu hura ezagutu zuen. Are, ofizialki, prozesu horretan Mont-de-Marsanera heldu zen lehenengo euskal presoa izan zen: 2017ko abuztuaren 8an lekualdatu zuten.

Aretxabaletarra, Estatu frantsesean zortzi urteko espetxealdia bete ondoren, Espainiara bidali zuten, agintarien esku utziz. Astebete geroago, 2017ko urriaren 27an, Errasti euskal presoa Auzitegi Nazionalean epaitu zuten. Gaur egun Aiherran bizi da.