GARA Euskal Herriko egunkaria
LOST COUNTRY

Stefan eta bere gatazka(k)


Vladimir Perišić zinemagilearen bigarren film luzea da ‘‘Lost Country’’, eta elementu autobiografikoak ditu. Serbia, 1996. 15 urteko Stefan da protagonista eta bere barne iraultza propioari aurre egin beharko dio: ama boterean dagoen alderdiko bozeramailea da, gertatzen ari diren krimen horien konplizea. Ikasleen protestak areagotuz doaz eta poliziak bortizki erantzuten die. Testuinguru horretan, eta Alice Winocour frantziarrarekin batera, zuzendari serbiarrak Stefan eta bere gatazka erdigunean kokatzen dituen gidoia osatu du; zer egin ez jakiteak sortzen duen etsipenaren inguruan hausnartzen du. Iraganeko zauriei buruzko diskurtso baten barnean harilkatu ditu pertsonaien ekintzak. Gaztea pixkanaka isolatu egingo da eta isolamendu hori, narrazioan ez ezik, filmaren itxuraren bidez ere iritsiko zaigu. Fikzioa den arren, benetan 90eko hamarkadan filmatu den erdi-dokumentala denaren sentsazioa helarazten du. Argazkilaritza lan zainduari esker, kolore itzaliz eta goibelez osaturiko irudi pikordunez hornitu dute filma, eta horrek errealismo ikaragarria ematen dio. 16 mm-tan filmatuta egoteak asko laguntzen du estetika hori elikatzen. Periš-ek irudi eta eszena sinbolikoz josi du kontakizuna, eta berezko hizkera eta irudizko hizkerarekin joko polita sortu du. Adibide bat hemen: etxeko jangelan dauden arrosa batzuen zenbait plano ikus daitezke narrazioan zehar. Gobernuaren ustelkeria argitara ateratzen hasi ahala hauek nola erortzen eta zimeltzen diren ikusiko dugu. Filmak emozio edota erritmo apur bat gehiago izan balu biribilagoa irudituko litzaidake, baina oro har oso film interesgarria iruditu zait. Ez da agian ikusle guztien gustukoa izango, baina zuzendariak planteatzen duen soiltasun estetiko eta narratibo hori guztiz logikoa eta koherentea iruditzen zait.