GARA Euskal Herriko egunkaria

«Biharko Euskal Herria» eraikitzeko, etorkizunera begira jarri dira ikastolak

Orotara 114 ikastolek Zazpigarren Batzarra egin zuten atzo Iruñeko Baluarten, otsailean hasi zuten eztabaidaren emaitzak jaso eta «biharko ikastolak» eraikitzeko bide estrategikoa marrazteko.

Ikastolen «familia argazkia», atzo, Baluarten. (Idoia ZABALETA | FOKU)

“Biharko Ikastolak, biharko Euskal Herria eraikitzeko” leloa aukeratu zuen Ikastolen Elkarteak atzo Iruñeko Baluarte jauregian egindako Ikastolen Zazpigarren Batzarrean. Esaldi laburra bezain mamitsua, zortzi-hamar urte barru ikastolak non eta nola ikusi nahi dituzten eta bide horretan landu beharreko ildoak jasotzen dituen batzarraren aurkezpen ekitaldirako.

Izan ere, 2009an izan zen azkeneko batzarra, eta aurtengo otsailean eskualdeka hasi zituzten bileretan ikastolei eta hezkuntza sektoreari eragiten dieten hainbat parametroren egungo egoeraren diagnosia jaso zuten, hamabost urteren ondoren ikastolen pultsua hartuz eta gogoeta interesgarri eta mamitsuak bilduz.

Guztira, mila emendakinetik gora jaso dituen ponentzia bozkatu zuten Euskal Herriko 114 ikastolen ordezkariek, goizeko 9.00etan hasi zen Batzarrean. Zein izan zen atzo erabaki zutena? Nekane Artola Ikastolen Elkarteko lehendakariaren esanetan, «ikastolen ereduaren aldeko hautuak indartu ditugu, euskal hezkuntza sistema burujabea eraikitzeko; egitasmo nazionala indartzea deliberatu dugu; eta ikastolen mugimendua osatzen dugun pertsonak erdigunean jarri ditugu».

Ildo horietan bildu zituzten gizarteak egin dituen eskaerei eta egungo erronka sozioekonomiko eta demografiko zein euskararen biziberritzeari erantzuteko proposamenak. Euskal curriculuma eguneratzea, digitalizazioaren burujabetza eta euskararen ofizialtasuna aldarrikatzeko beharrak ere nabarmendu zituen Artolak, hala nola Euskal Herriko ikasle guztiak ikastoletan ikasteko aukera errealak garatzeko konpromisoa.

EKITALDI SOZIALA

Erabaki horiek bilera itxian hartu zituzten, eta etorkizuneko erabaki estrategikoen berri gonbidatutako agintari, hautetsi, sindikatuetako ordezkari, eta euskalgintzako eta kulturako erakundeei eman zieten ekitaldi publikoan, proiekzioak, musika, dantza ikuskizunak eta «familia argazkia» tarteko. Ekitaldian, Santiago Quiroga Escolas de Ensino Galego Sementeko koordinatzaileak hitza hartu zuen, baita Ghjissepu Turchini Scola corsa-ko lehendakariak ere. Jarraian, Tasio Erkiza Errigorako ordezkaria eta Leire Elizegi eta Joseba Labaka Bizipozako kideak.

«Euskal Herriari gure aletxoa eskaini diogu. Biharko ikastolak biharko Euskal Herria eraikitzeko etorkizunari begira jarri dira», esan zuen Nekane Artolak, horretarako «herrigintzaren» garrantzia azpimarratuz.