GARA Euskal Herriko egunkaria

Euskal Herriaren burujabetzan jauzia egiteko unea dela iritzi dio Sortuk

Egun bizi den «salbuespeneko egoerak» Euskal Herriaren burujabetza nazionalean jauzi bat egitea eskatzen duela adierazi zuen Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusiak, alderdiak Agurainen egin zuen Konferentzia Politikoan. Jauzi hori egiteko, nabarmendu zuen beharrezkoa dela herri akordio zabalak erdiestea.

Arkaitz Rodriguez, Sortuko idazkari nagusia, alderdiak Agurainen egin zuen Konferentzia Politikoan. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Sortuk zazpigarren Nazio Konferentzia egin zuen atzo eta herenegun Agurainen, eta alderdiaren urteko hitzordu nagusian ehunka militante elkartu zituen bi egunez. Atzo goizean egindako nazio batzarrean alderdiko kideek urte politikoaren balantzea egin zuten, eta hurrengo hilabeteetarako plan politikoa zehazteko oinarriak ezarri zituzten. Besteak beste, berretsi zuten «orain» dela Euskal Herriaren burujabetza politikorantz jauzi egiteko unea.

Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusiak berretsi zuen mezu hori, nazio batzarra hasteko hitzartzean. «Egun bizi dugun salbuespeneko egoerak burujabetza nazionalaren berreskurapenean aurrera egitea eskatzen du», ohartarazi zuen. «Euskal Herriaren osotasunean ditugun herri erronkei aurre egin ahal izateko tresna berriak eta erabaki ahalmen handiagoa» behar dira, adierazi zuen, estatus berriei erreferentzia eginez. Unea baliatu behar dela nabarmendu zuen Rodriguezek: «Ezin dugu biribilgunean bueltak ematen jarraitu».

«Parez pare daukagu azken hamarkadetako borrokaren bidez eraikitako indar harremana, burujabetzaren bidean urrats handienean kristalizatzeko. Parez pare daukagu gatazkaren konponbide osoa eta, beraz, askapen prozesuan jauzi bat egiteko aukera», baieztatu zuen. Norabide horretan, indar politikoak, sindikalak eta sozialak interpelatu zituen: «Herri akordio handi bat saretzeko beharra dugu, Madrilen eta Parisen aurrean ahots bakarrez jokatzeko».

FAXISMOA

Halaber, Sortuko idazkari nagusiak kezka agertu zuen Europan faxismoa izaten ari den gorakadaren inguruan, eta gertatzen ari den eskuineranzko desplazamenduaz. «Eskuin muturra politika neoliberalen produktua da, eta berorri aurre egiteko modu bakarra ezkerreko politikak egitea eta, are, egungo ekoizpen, banaketa eta kontsumo ereduaren zein hari dagozkion balioen errotikako eraldaketa egitea da», berretsi zuen.

«Klima larrialdiaren, zaintza krisiaren, prekarizazioaren eta dualizazio sozialaren, gerren ugaritzearen eta eskuin muturraren hazkundearen ordez, zibilizazio berri bat behar dugu. Utopiaren bandera altxatu beharra dago; kapitalismoa gainditu eta zerumuga sozialista baterantz bide egiteko beharra aldarrikatu», esan zuen. Gaineratu zuen alternatiba horrek balioen aldaketa sakona eskatzen duela: «Irismen luzeko bataila kulturala jorratu behar dugu».

Bide hori egiteko, bi zeregin aipatu zituen: lehena, herrigintzaren garrantzia azpimarratuz, nazio bulkada berri baten eta bulkada sozialaren sustapenean jarraitzea, «akordio zabalenak ere hankamotz geldituko direlako» bestela. Bigarrena, EH Bildu eta EH Bai indartzen jarraitzea, lidergo berriak eraiki eta instituzio albait gehienetan gobernatzeko anbizioarekin.

EGITARAU ZABALA

Joan den ostiralean, Iratzar Fundazioak antolatuta eta Nazio Konferentziaren testuinguruan, sozialismorako euskal bideari buruzko solasaldiak egin zituzten. Euskal sozialismoa eraikitzeko ezker abertzaleak egindako proposamena berritzeko gogoetak lantzeko asmoz, Paolo Gerbaudo eta Jule Goikoetxea mintzatu ziren solasaldi nagusian. “Estatuaren itzuleraren aurrean al gaude?” izenburupean, politika ekonomikoetan estatuak berreskuratzen ari diren funtzioaz jardun zuten.

Horren ondoren beste bost solasaldi ere egin zituzten, burujabetza, eskualde eta nazio eskala, ekonomia ekologikoa, feminismoa eta ezkerraren papera ardatz hartuta.