GARA Euskal Herriko egunkaria
ANDINISMOA

Sarmientoren mendebaldeko gailurra lehen aldiz igo dute estilo alpinoan

Nico Seul, Hernan Rodriguez eta Cristobal Señoret txiletarrak izan dira protagonistak. Jarduera hori biribildu ahal izateko, bost egun behar izan zituzten. Tontorraren laugarren igoera izan da.

Nico Secul, sokaburu, luze bat eskalatzen; txiletarrok jarduera handia egin zuten. (Cristobal SEÑORET)

Sarmiento mendiaren garaierari begiratzen badiogu, irudituko zaigu oso xumea dela. Soilik 2.207 metro ditu. Baina mendi horrek baditu eite berezi batzuk. Lehenik eta behin esan behar dugu Txileko Darwin mendilerroan (Tierra del Fuego) kokatuta dagoela. Hots, urrutiko lekuetan: Antartikan bertan.

Baina, duen altuera alde batera utzi eta non dagoen aztertzen badugu, ohartuko gara inguru oso zorrotzean dagoela. Sarmientora iristea ez da batere erosoa, eta horri guztiari muturreko klima gehitu behar zaio: oso ohikoak dira Ozeano Baretik iristen diren elurrezko ekaitz basatiak eta haizete bortitzak.

Panorama horrek Sarmiento mendi zaila bihurtzen du. Clemente Maffei eta Carlo Mauri italiarrek 1954. urtean lehen igoera egin zutenetik, mendi horrek bisita gutxi jaso ditu. Eta denek ez dute arrakastarik lortu. Datu argi bat: bigarren igoera sei hamarraldi beranduago heldu zen. Natalia Martinez eta Camilo Rada izan ziren protagonistak.

Hori guztia aipatu eta gero, esan behar dugu Sarmiento mendiaren mendebaldeko tontorrak (2.154 m) antzeko egoera bizi izan duela. Lau igoera ditu. Lehena, sona handia duen Ragni di Lecco talde italiarrak erdietsi zuen. 1986. urtea zen. Ondoren, nazioarteko bi espedizio ere gai izan ziren mendebaldeko gailurra zapaltzeko. Horien artean lehen lerroan egon diren nazioarteko hainbat alpinista. 1995. urtean, John Roskelley, Tim Macartney-Snape eta Stephan Venablesena izan zen bigarren igoera. Hirugarrenean (2010) honakook parte hartu zuten: Robert Jasper, Jorn Heller eta Ralf Gantzhorn alemanek.

Baina aurreratu dugun bezala, laugarren igoera izan du Sarmiento mendiaren mendebaldeko tontorrak. Aipatuko ditugun alpinistak ez dira besteak bezain mediatikoak. Baina joan den maiatzaren 10ean egin zuten jarduera oso-oso azpimarragarria da. Laugarren igoera hori egiteaz gain, estilo alpinoan eskalatu den lehen aldia da. Eta, gainera, taldea osatu dutenak, guzti-guztiak, txiletarrak dira.

Nico Seul, Hernan Rodriguez eta Cristobal Señoretek aipatutako hori guztia lortu dute. Goi-mailako andinistak dira, baina, esan dugun bezala, ez dira hain mediatikoak. Hauen izenak batez ere Txileko zein Argentinako Patagoniarekin lotuta daude. Etxeko mendiak dituzte, eta behin baino gehiagotan erakutsi dute, bikain ezagutzeaz gain, fisikoki, teknikoki eta mentalki oso sasoiko daudela.

Señoretek, adibidez, hamabost urte daramatza eskalatzen. Fitz Roy, Cerro Torre, Paineko Dorreak… horietan guztietan zein inguruko beste erpin eta horma luzeetan makina bat jarduera egin ditu. Eta, “etxekoa” denez, mendien egoeren inguruan kezka handia izaten du. Fitz Roy mendian, adibidez, hainbat kiderekin batera “Ragni” bidea garbitu zuen. Zabor, soka finko eta eskailera asko jaso zituzten. Denera, 35 kilo.

Baina aurreratu dugunez, hirukote horrek handia egin du Sarmienton. Mendi horretan egon diren espedizio guztiek bezala, txiletarrek ere arazoak izan zituzten mendiaren oinarrira hurbiltzeko. Berriro diogu, alderdi basati horrek helburu guztiak baldintzatzen ditu.

Lehenik eta behin oztopo handi bat gainditu behar izan zuten: Magallaes itsasartea. Señoretek aipatu duen bezala, zeharkaldi hori oso gorabeheratsua izan zen: «Itsasontziaren kapitain German Alegriari eta bere anaia Pastillari esker, bost ordutan, Punta Arenas eta jaitsi ginen badia lotu zituzten. Bardonecchia izeneko hondartzan utzi gintuzten. Gure helburua 1986. urteko “Ragni” bidea zen; izan ere, gure ekinaldira arte ez zuen beste errepikapenik».

BOST EGUN

Motxila astunak bizkarrera eraman eta lehen urratsak egin zituzten. Señoretek berak dio espedizioaren lehen etapa hori, Magallaes zeharkatzea, espedizioaren giltza dela. Oinez eginiko lehen egunean, glaziarraren sarreran lehenbiziko kanpalekua altxatu zuten. Bigarrenean, berriz, laino itxiak ikuspenari trabak jarri zizkion. Beste kanpaleku bat altxatzeko aukera izan zuten, baina artean helburutik oso urrun zeuden: «Espedizio hau egitea oso nahasia da. Eskarmentu eder bat bizi nahi genuen, eta horretarako oso motibatuta geunden. Oihana zeharkatzen ari ginela, erabat harrituta geratu ginen goroldio fluoreszenteekin. Oso bitxiak dira. Baina ahoa bete hotz uzten zaituztenak Sarmientok dituen glaziar erraldoiak dira».

Hirugarren egunean eguraldia egonkortu zen, eta eguerdirako beste kanpaleku bat antolatuta zuten. Ordutegia eta klima ikusita, tontorrera abiatu ziren. Bederen, ekinaldi bat egin nahi izan zuten: «Onartu behar dut glaziarraren baldintzak gure alde egon zirela. Eta hormarenak ere perfektuak ziren. Ekinaldian tenperatura oso atsegina izan genuen. Hala eta guztiz, eskalada ez zen batere erraza izan. Sekzio batzuetan ez zegoen geure buruak babesteko leku egokirik. Batez ere, bi luzetan. Eta zalantzarik gabe, igoera horren zatirik zorrotzenak errimaiak izan ziren. Horrek guztiak gure erritmoa mantsotu zuen; izan ere, segurtasuna zen lehentasun nagusia».

Zeharkaldiak, izotzean zein elurrean hainbat eta hainbat luze… Lan eskerga egin eta gero, hirukote txiletarrak bere lehenbiziko helburua erdietsi zuen; hots, Sarmiento mendiaren mendebaldeko tontorra. Gauez heldu ziren. Azken kanpalekua, gailurra eta kanpaleku bera lotzeko hamabost orduko jarduna behar izan zuten.

Biharamunean, mendia atzean utzi eta arestian aipatu dugun hondartzara iritsi ziren. Eta handik, itsasontziak Punta Arenasen utzi zituen. Señoretek baieztatu du espedizioa ez dela erraza izan, baina pozarren daudela arrakastarekin amaitu delako: «Abentura itzela izan da. Inguru basati horrek asko bete gaitu. Eta batez ere oso pozik gaude eskalada hori estilo alpinoan egin dugulako. Lehenak izan gara. Bost egun horiek ederrak izan dira oso».

Bestalde, Señoretek esan du espedizio hori aspalditik buruan zuela, eta hiruko talde batek ondo funtzionatu duela. Besteak beste, tresneria eta zama arintzeko eta estrategian eraginkorragoak izateko. Azkenik, andinista txiletarrak honako hausnarketa egin nahi izan du: «Sarmientok bisita gutxi izatea oso normala da. Inguru hartan dagoen klima oso-oso txarra da, eta aldeko hainbat faktore izan behar dituzu eskalada on bat egiteko. Batik bat, estilo arinean egin nahi baduzu. Talde bezala oso motibatuta gaude. Abentura handia izan da, eta hirurok ala hirurok argi dugu alderdi horretara itzuliko garela. Aukera infinituak daude, hots, ia dena esploratzeko dago».