GARA Euskal Herriko egunkaria

Baitan


Maite dudana agurtu, malko batzuk isuri, haizera hitz politak idatzi, eta egunekoari behar bezala ekin behar diodala ohartzen naiz ia korrika eta presaka. Ezer gertatu ez balitz bezala.

Bizitzak hor darraiela, eta lehenbailehen heldu behar diodala zarpatik.

Latza iruditzen zait idatzi dudana, zakarra... latzaren azepzio guztiak esanahi bakarrean, beharbada. Azala ere gogortzen ari zaidala iduri balu bezala, zurrunbilo honek bere magaletik ateratzeko erreakzioa eskatzen duela.

Amodio belarra den ziabelar latza bilakatzen ari ote naizen ni ere, bere iletxo lotzaileekin itsatsi egiten zaizula nonahitik, horregatik izango du zerikusia amodioarekin, lotu, itsatsi, kakotu egiten delako sentimenduetara.

Ziabelarra bezala katigatuko zara nire oroimenean, baina bizitzen jarraituko dut berdin-berdin; esaldi honekin ebatzi nezake zalantza friboloa, hau ere beharbada.

Hor zaude nire baitan, bestela. Orain «baitan» hitzaren modara ni ere, ez barnean soilik, hitzen imana ezin baita nire gustuen baitan egon, nire esku alegia, hori ere erran nahi duela.

«Zu hor zaude, dantzan, jauzitan, zer deabru bada pasatzen zait gogoaren baitan» kantatu zigun Anje Duhaldek John Hiatten “Back of my mind” gogora ekarriz, eta bereziki euskarara.

Udako jaien baitan kantatuko zaitut, atzoko sutik errautsak baizik ez baitira gelditzen.