2024 EKA. 25 Gorroto delituen %64 arrazakeriak eragindakoak izan ziren iaz EAEn Lakuak argitaratutako Gorroto Gertakariei buruzko Txostenean agertzen denez, iaz EAEn erregistratutako 281 gorroto delituen %64 (180) arrazakeriak edo xenofobiak eragin zituen. Horien atzetik, sexu-orientazio eta genero-identitatearen aurkako delituak daude (45, %16). Bilbon arrazakeriaren aurka egindako mobilizazio bateko argazkia. (Monika DEL VALLE | FOKU) GARA GASTEIZ Iaz EAEn erregistratutako 281 gorroto delituen %64 (180) arrazakeriarekin edo xenofobiarekin lotuta zeuden. Hala agertzen da Lakuako Gobernuko Segurtasun Sailak argitaratutako Gorroto Gertakariei buruzko Txostenean. Horren arabera, gorroto gertakarien kopurua aurreko urtekoa (435) baino nabarmen txikiagoa da, baina pandemiaren aurreko urteetan erregistratutakoen bikoitza izaten jarraitzen du (105, 2019an). Zehazki, gertakarien kopuru orokorra %35 jaitsi da 2022ko datuekin alderatuta. Jaitsiera hori, neurri handi batean, genero arrazoiengatiko gorroto gertakizunen tratamenduan izandako aldaketagatik izan da, indarkeria matxista gisa definituta egon daitezkeenak kanpoan utzi direlako. Gertakari guztietatik 180k izaera arrazista edo xenofoboa izan zuten. Horien atzetik, sexu-orientazioaren eta genero-identitatearen aurkako delituak daude (45, %16). Hirugarrenik, ideologiagatiko gorroto delituak daude, 22 guztira, %8. Sexuan edo generoan oinarritutako gorroto delituak, berriz, 18 dira guztira. Delitu gertakarien bi multzoak mantendu dira, lesioak (101 kasu) eta mehatxuak (76 kasu), beste delitu taldeetatik oso urrun. Biak batuta delitu gertakarien %56 hartzen dute; hau da, gorroto maparen erdia baino gehiago. Hala ere, gorroto diskurtsoak nabarmen egin du gora, eta intzidentzia kopuruak ere bai (46 kasu). BIKTIMIZAZIOEN BANAKETA 2023an gorroto gertaerengatik 305 biktima izan ziren EAEn, eta horrek esan nahi du nabarmen murriztu direla (-%47) 2022an erregistratutako biktimizazioak (572). Bestalde, atzerritar jatorriko biktimak %59 izan ziren 2023an (181); Latinoamerikatik eta Afrikatik etorritako biktimak izan ziren ugarienak (biktima guztien %28 eta %24, hurrenez hurren). Biktimen jatorrizko udalerriari dagokionez, Bilbo (16 kasu), Donostia (12 kasu) eta, neurri txikiagoan, Gasteiz (zazpiu) nabarmentzen dira. 2023an Barakaldo izan zen biktimen jatorrizko udalerri nagusia (20 kasu). Sexuari erreparatuz gero, biktima gehienak gizonezkoak zirela ikus daiteke (%55). Bizkaian gizonen eta emakumeen arteko proportzioa ia berdina da; Araban, aldiz, emakumeak biktimizazioen %31 baino ez dira. Biktimen batez besteko adina 34 urtekoa da. Inputatuko pertsonei dagokienez, hiru laurdenek baino gehiagok nazionalitate espainiarra zuten, eta horietatik 176 EAEn bizi ziren (%83). Txostenean Oñatiren kasua nabarmentzen da; udalerri horretatik zetorren inputatuen %10 (18). Ertzaintzak iaz 20 pertsona atxilotu zituen. BESTE DELITUAKDibertsitate funtzionaleko kolektiboaren aurkako delituak ere jasotzen ditu txostenak (sei) eta aporofobiarekin zerikusia dutenak (hiru). Delitu antisemita bakarra agertzen da, eta adinekoen aurkako erasoak agertzen dira: bost izan ziren iaz.