2024 EKA. 25 KOLABORAZIOA Palestinako haurren eta nerabeen aldeko ekimen bateratua ikastetxeetan Cris CORDEIRO LOPEZ Gure Haurrak Ere Badira taldea Euskal Herriko gurasoak gara; gure alaba-semeak Maddi, Izei, Dani, Alaitz, Aida ala Beñat deitzen dira, baina bost urteko Hatem Salem, hamalau urteko Awad Muhammad, sei urteko Zakaria Magdy ala zazpi urteko Nour Ahmed izan zitezkeen. Denak Israelek Gazan erailak. Ezin dugu ezta imajinatu ere egin zer izan behar duen gehien maite ditugunak bonben azpian horrela galtzea; aurrera egiteko indar barik utzi behar zaitu. Hala ere, geratzen direnengatik eta bizitza beragatik aurrera egin behar dute palestinarrek. Guk, distantziatik bada ere, haien guztien mina gure barrenetan sentitzen dugu. Hori aldarrikatzen gabiltza Euskal Herriko familia asko “Gure haurrak ere badira” ekimenaren bitartez. «Egunero Palestinan erailtzen ari diren haur horiek gure seme-alabak ere badira. Palestinako gurasoak gure neba-arrebak bezala sentitzen ditugu eta haien mina gure bihotz barrenetan sentitzen dugu». Halaxe adierazi genuen pasa den ekainaren 16ko agerraldian. EHIGE, Ikastolen Elkartea, ELA, LAB, Steilas, CCOO, UGT, CNT eta ESK sindikatuen babesarekin eta jada “Gure haurrak ere badira” manifestuari atxikimendua adierazi dioten 170 guraso elkarte eta ikastoletako komunitate baino gehiagoren babes eta legitimitatearekin egin genuen. Ekainaren 20rako egin genuen deialdian Euskal Herriko 66 ikastetxe baino gehiagotako elkartasun argazkiak jaso ditugu. Eskerrik beroenak helarazi nahi dizkizuegu parte hartu duzuen guztioi. Oraindik manifestua sinatu ez duten guraso elkarte edo ikastetxeei atxikimendua emateko deia egiten diegu. Ekainaren 20ko irudiak biltzen dituen album-bideo bat osatu dugu eta Youtuben dago ikusgai. Baita gure X sarean osatutako harian ere. Palestinako haurrek edo haien gertukoek bideoa ikusteko aukera izango balute, agian, aurrera egiteko indar apur bat emango genieke. Bakarrik ez daudela senti dezakete eta haien mina, zati oso txiki-txiki-txiki batean bada ere, partekatua dela senti dezakete. Genozidioarekin bukatzen lagunduko dugula eta sionismoa gainditzeko gure indarrak gehituko ditugula jakingo lukete. Guk, ikasturtea bukatuta, kalean gure elkartasun keinuekin Palestinak bizi duen genozidioa salatzen jarraituko dugu eta irailean iniziatiba berriekin itzuliko gara. Eutsi, Palestina! Palestinako haurrek edo haien gertukoek bideoa ikusteko aukera izango balute, agian, aurrera egiteko indar apur bat emango genieke