GARA Euskal Herriko egunkaria
ESKUBALOIA

Beti Onak eta Bera Beraren arteko derbia izango da Ligako lehen partidan

Guerreras Ligako 2024-25 denboraldiko egutegiaren zozketa egin zen atzo eta, kasualitateak kasualitate, lehen jardunaldian derbi bat egongo da Atarrabian: Beti Onak-Bera Bera. Bestalde, igo berri den Zuazok Porriño talde galiziarrari bisita egingo dio.

Beti Onak eta Bera Bera elkarren aurka arituko dira lehen jardunaldian, Atarrabian. (A. KARASATORRE | FOKU)

Duela aste gutxi amaitu zen Guerreras Liga, Super Amara Bera Bera txapeldun izanda, eta dagoeneko ezagutzen dugu 2024-25 denboraldiko egutegia. Atzo bertan zozketatu zen eta, kasualitateak kasualitate, derbi bat egongo da lehenengo jardunaldian. Atarrabiako Hermanos Indurain pabiloian Beti Onakek eta Bera Berak neurtuko dituzte indarrak abuztuaren 31ko asteburuan hasiko den Ligan.

Aurten beste talde euskaldun bat ere izango da goi mailan. Izan ere, Barakaldoko Zuazok igoera lortu zuen, eta Joseba Rodriguezen jokalariek Porriño galiziar taldeari bisita egingo diote lehen partidan.

Aurtengo Ligak berritasun nabarmen bat izango du. Formatu berria izango du txapelketak eta iaz baino bi talde gehiago lehiatuko dira: 14.

Lehen jardunaldiko beste lehiak hauek dira: Costa del Sol Malaga-Rocasa Gran Canaria, Mecalia Atletico Guardes-Motivermarket.com Gijon, Elda Prestigio-Morvedre, Atticgo Elche-KH-7 Granollers eta Caja Rural Aula Valladolid-Grafometal La Rioja.

Liga erregularrean lehen zortzien artean amaitzen dutenek play-offa jokatuko dute maiatzaren 7tik aurrera, eta play-downa hamargarrenetik hamairugarrenerakoek jokatuko dute. Azken sailkatua zuzenean jaitsiko da mailaz.

EUROPEAN LEAGUE

Bera Beraren kasuan, beste txapelketa bat ere jokatuko dute donostiarrek hurrengo denboraldian. Izan ere, EHF European League Women 2024-25 txapelketan izena emateko egin beharrekoak osatu dituzte. Hala, Europako kluben arteko bigarren txapelketa nagusian arituko dira gipuzkoarrak, Europan 29. aldiz, orain arte 122 partida jokatu dituztelarik.

Uztailaren 9an argitaratuko da parte hartuko duten taldeen zerrenda, eta uztailaren 16an zozketatuko dira QR1 izeneko lehen kanporaketa, irailaren 7-8 eta 14-15erako aurreikusita dagoena, eta QR2, urriaren 5-6 eta 12-13an jokatuko dena. Hala ere, azken lau urteetan ez da QR1 gauzatu.

Bestetik, QR3 kanporaketa azaroaren 9-10 eta 16-17an jokatuko da eta multzoen faserako sailkapena emango du. Berau, urtarrilaren 11n hasi eta otsailaren 23an amaituko da. Super Amara Bera Beraren helburua urrats hori izango da, nahiz eta zozketan talde indartsuak egongo diren.