GARA Euskal Herriko egunkaria
UEU-REN IKASTAROAK

«Pitxer hautsia»-ren heriotza ETA paradigma berrien premia

Telesforo Monzonen «Pitxer hautsia»-ren metaforatik abiatuta, Euskal Herriko lurraldeen arteko artikulazioaren erronken inguruan eztabaidatu zuten atzo Floren Aoizek, Clara Rougetek eta Elena Casirainek, Udako Euskal Unibertsitateak, Udalbiltzak eta Iratzar Fundazioak Iruñeko Katakraken elkarlanean antolatu zuten ikastaroan.

Clara Rouget, Elena Casirain eta Floren Aoiz, atzo Katakraken eskaini zuten mahai-inguruan. (Iñigo URIZ | FOKU)

Baliabide metaforikoak eman zizkion Telesforo Monzonek Euskal Herriari. Horietako bat izan zen “Pitxer hautsia”, Floren Aoizek Nafarroako trantsizio “eredugarriaren” atzean zeuden ilunak kontatzen zuen liburua titulatzeko hartu zuena. Metafora horretatik abiatuta, euskal lurraldeen arteko artikulazioen inguruan gogoeta kolektiboa egin zuten atzo Katakraken Clara Rouget, Elena Casirain eta Aoizek berak, UEUk, Udalbiltzak eta Iratzar Fundazioak elkarlanean antolatutako “Elkarrekin hobe? Euskal lurraldeen arteko artikulazioak hizpide” ikastaroan.

1980. urtean “Egin” egunkarian idatzi zuen metafora Monzonek, frankismoaren kontra Hego Euskal Herriko lau herrialdeek bat egin eta demokrazia, ezkerraren balioak edota lurraldeen arteko artikulazioa egikaritzeko espektatibaren porrota islatzeko eta horri aurka egiteko muga politikoa marrazteko. Euskal lurraldetasunari dagokionez, hautsitako pitxerraren irudi bisual horrek, batez ere Nafarroa eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoaren arteko banaketa islatzen zuenak, jada ez du balio, Aoizen ustez, bi arazori aurre egin behar dielako: Euskal Herri osoa ez du barnean biltzen eta belaunaldi bateko herritarrentzat balio du soilik.

Metafora hori, beraz, lotuta dago testuinguru zehatz eta bizipen batekin. Haustura egin ez izanak itzalak proiektatzen ditu, bai, baina «momentu historiko baten gogoeta egungo momentura lekualdatzea» akats politikoa izan daiteke Aoizen arabera. Beraz, iraganari sorbalda eman gabe, «paradigma berriak» aldarrikatu zituen, deserosoak diren egietatik abiatuz. Nagusia, Euskal Herria ez dela Eskozia. «Eskozia eztabaidatzen ez den lurralde bat da, eragile ezberdinek pentsa dezakete nazioa dela edo ez, baina mapa hori ez dago zalantzan. Euskal Herriaren inguruan ez dago adostasunik, badago eztabaida politiko bat Euskal Herria non hasi eta non bukatzen den erantzun nahi duena», azaldu zuen.

Mugen afera, hortaz, historian kokatu behar da, Aoizen esanetan; hau da, «kontatu muga horiek nola sortu ziren» eta aldarrikatu ez direla munduaren bilakaera naturalaren ondorio. Kontatu ez ezik, Aoizek azpimarratu zuen mugak «desesentzializatu» behar direla. «Euskal Herri batu eta idilikoa ginen eta kanpotar etsaiek mugak inposatu zizkiguten ideiari aurre egin behar diogu, bestela ez dugu ulertuko zer garen».

Aoiz ez zen animatu metafora berriak mahai gainean jartzen, baina “Elkarrekin hobe” leloa aldarrikatu zuen. «Artikulaziorako gakoa ezin da izan “izan ginelako, izango gara”», azpimarratu zuen. Paradigma berriak behar dira, demandaren legitimitatearen arrazoi eta kausei begiratzeari utziko diotenak eta prozeduraren egokitasunari gehiago begiratuko diotenak. Horretarako, «“elkarrekin hobe” hori edukiz bete behar dugu», adierazi zuen, eta «denak balio du» horretarako: izan daiteke ekonomia, trantsizio ekologikoa martxan jartzeko herri batekin amestea edo Euskal Herria errepublika feminista garatzeko baldintzak betetzen dituen lurraldea dela pentsatzea.

AZTERKETA

Antropologian doktoregaia da Elena Casirain, EHU eta Okzitaniako Tolosako Jean Jaurès unibertsitateetan. Muga politiko baten presentziak Hego eta Ipar Euskal Herrian duen eragina ari da aztertzen, eta hori osatzeko, inguruko bizilagunekin egindako elkarrizketak izan ditu oinarrian.

Bere ustez, kontrabandoaren garaian, adibidez, Bidasoko mugak sortzen zuen sare moduko bat euskal herritarren artean. Kontrol sistematikoa desagertuta, ordea, indartu beharko litzateke «iparralde» eta «hegoalde» deitzen ditugun lurraldeen arteko sarea. Baina ez al da kontrakoa gertatzen ari?

Izan ere, Casirainen arabera, Bidasoa ibaiko muga politikoaren presentziak piztu ahal izan ditu beste hainbat motatako mugak herritarren artean. «Euskaldun bezala guk nola egiten ditugu mugak? Bestelako mugak sortzen ditugu ikuspegi linguistikotik edo harremanetatik? Zer puntutaraino kointziditzen du muga politiko horrek beste muga hauekin?», galdetu zuen.

Muga kontzeptuaren inguruko galderekin ikerketa proiektu bat martxan jarri du, bi aldeetako biztanleen artean gaurko joerak zein diren argitzeko, muga sozialak eta sinbolikoak nola sortzen dituzten ulertzeko eta eztabaida sortzeko. Hala, muga gainditzeko modu guztiak erakutsi nahi dituzte, fisikoki gainditu ala ez, gure imajinarioan ditugun espazioak ulertuz. Izan ere, «mugak estatu-nazioekin lotzen ditugu, aldatu ezingo balira legez, baina hori ez da beti hala izan», esan zuen. Horrela, «lurralde erreferentzia amankomunak» behar direla gaineratu zuen Casirainek.

UDALBILTZA

Askotariko krisiak bizi ditugun momentuan, Clara Rouget Udalbiltzako zuzendariak igandean hasiko diren frantziar hauteskundeak aipatu zituen. Izan ere, hautetsontzietatik aterako denarekin «muga itxiagoak edo muga zorrotzak izan ditzakegu», bereziki Marine Le Penen alderdiak lortutako emaitzen arabera.

Eskuin muturraren gorakadaren inguruan, «Ipar eta Hego Euskal Herrian bi estatuen dinamiketatik at ginen sentimendua geneukan, oasi batean bizi ginela uste genuen, baina ez da horrela», adierazi zuen. Hala, krisi berrientzat erantzun berriak behar direla azaldu zuen, «konpartitzen diren arazo barneratuen aurka muga horiek gainditu eta gure lurraldea egiten joan», hain zuzen.

Horretarako, baina, hainbat oztopo daudela azaldu zuen. «Hiru eremu administratibotan zatituta egotea da lehena. Udalbiltza bada mugaz gaindiko instituzio bat, tresnak ditugu lan egiteko, instituzioen arteko elkarlana gero eta gehiago indartu da, baina batzuetan ez du gure lurraldetasuna barnean biltzen», aitortu zuen.

Lizarra-Garaziko testuinguruan sortu zen Udalbiltza, eraikuntza nazionalaren helburu hartuta, baina Rougeten arabera, eremu sinbolikoetan sartu zen. «Orain ikusi dugu tokian tokiko erantzunak eman behar direla, burujabetza materialetatik aurrerapausoak eman behar direla», gehitu zuen.

Hala, tokiko problematikei erantzuteko udalez udal lan handia egiten ari direla azpimarratu zuen Rougetek, Euskal herri mailako saretzeak martxan jarriz. «Adibidez, badakigu erronka handi bat dugula trantsizio ekologikoarekin, larrialdi klimatikoaren testuinguruan. Herrietan energia komunitateak sortzen ari dira, baina, problematika bakoitzari banan-banan erantzun beharrean, zergatik ez diegu batera erantzuten? Euskal Herri mailako sare bat martxan jarri behar dugu horretarako, herri bezala egungo erronkei erantzuteko beharra dugu», adierazi zuen.