GARA Euskal Herriko egunkaria

Arabako foru suhiltzaileek hitzarmen propioa eskatu dute Gasteizen


Arabako suhiltzaileen ordezkari sindikalek Batzar Nagusietako talde politikoen laguntza eskatu zuten atzo, plantilla handitzea ahalbidetuko duen hitzarmen propioa lortzeko. Izan ere, salatu zutenez, Bizkaiko eta Gipuzkoako suhiltzaileekin alderatuz, baldintza «okerragoak» dituzte.

Duela zortzi urte sortu zen Arabako suhiltzaileen foru zerbitzua eta oraindik ez dute lortu hitzarmen propioa. Zortzi bilera egin omen dituzte Aldundiko ordezkariekin hitzarmena negoziatzeko, baina ez dute emaitzarik lortu.

BALDINTZA BERAK

Ildo horretan, gogorarazi zuten, Bizkaiko eta Gipuzkoako lankideak ez bezala, Araban baso suteez ere arduratzen direla. «Herritarren laguntza eskaerei baliabide gutxiagorekin erantzuten diegu, eta guk beste herrialdeetan dituzten baldintza berak nahi ditugu», adierazi zuten.

Hori dela eta, batzarkide taldeei laguntza eskatu zieten «behingoz lege esparru komun bat ezarri ahal izateko. Aipatu zituzten arazoen artean giza baliabide «eskasak» dituztela salatu zuten. Esan zutenez, zaila da parke bakoitzean gutxienez lau suhiltzaile mantentzea, eta egoera horrek «suhiltzaileentzat eta herritarrentzat segurtasun falta» eragiten du.