GARA Euskal Herriko egunkaria
LA ESTRELLA AZUL

Bizitzeko modu bat

Filmeko bi protagonista, Argentinan.

Duela hamar urte abiatu zen proiektu honen idazketa prozesua eta, denbora horretan, mota guztietako zailtasun eta oztopoei aurre egin behar izan diete. Istorioak heroinarekiko mendekotasuna duen musikari baten urratsei jarraitzen die: Mauricio Aznar. Abeslariak Argentinara bidaiatuko du adikzioaren mamua atzean utzi eta musikarekiko duen bokazioarekin berriro elkartzeko. Aktore protagonista Pepe Lorente da, eta Bruna Cusi, Catalina Sopelana eta Marc Rodriguez aktoreek osatzen dute zerrenda. Argentinarren aldetik, aldiz, datu bitxi bat: euren burua antzezten duten aktore ez-profesionalak dira. «Pepe Lorente zutabe handietako bat izan da -azaldu du zuzendariak-; 2019tik beti pertsonaiarekiko leial mantendu behar izan zuen, beste lan batzuei uko eginez; sekulako konpromisoa erakutsi du». Pelikularen une batzuetan, esaterako, 2020an filmatutako plano bat eta 2023an filmatutako beste bat elkarren ondoan jarri behar izan dira, eta jarraitutasuna ez da inongo momentutan galdu. Gainera, Pepek zuzenean abesten eta jotzen du gitarra. Narrazio askea eta organikoa du oinarri; gehiago du road movietik adibidez.

Benetako istorioa lehen pertsonan ezagutzeko helburuz, Macipek egin zuen lehen gauzetako bat Mauricioren bidaia errepikatzea izan zen. «Isiltasuneranzko bidaia bat da, Yupanquiren testu batek gidatua, non benetako artistak paisaia, isiltasuna eta bakardadea behar dituela aipatzen den. Nik ere bidaia hori egiteko beharra sentitu nuen» azaldu du zuzendariak.

Hara iritsi zenean Mauriciok topatu zuen berbera aurkitu zuen; «zirrara handia eragin zidan. Bizitzeko modu bat topatu nuen. Leku bat, non norbaitek gitarra bat ateratzen badu dena gelditzen den».