GARA Euskal Herriko egunkaria
EUSKARA IKASTEA, UDARAKO PLAN EDERRA

AEKren barnetegiak, euskalduntzearen ostatu

Uda garaian, euskara ikasteko barnetegien eskaintza ugaritu ohi da. Hizkuntza ohiturak aldatzeko giltzarri dira tokiok; ikasketa prozesuan sakontzeko ere bai. Alba Ayucarrek eta Maialen R. Barcenak eman digute horien berri, NAIZ Irratian. AEKren barnetegien arduraduna da lehena, eta ikasle gisa hasi zen irakaslea, bigarrena.

Alba Ayucar eta Maialen R. Barcena euskara irakasleak, AEKren Donostiako Amara Berriko euskaltegian. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Kasik mende erdi igaro da Irungo gau eskoletako ikasleak Zubietara (Nafarroa) barnetegira joan zirenetik. Garai hartako egoera guztiz bestelakoa zen, bai, baina ikasleen helburu eta gogoak berbera izaten jarraitzen du: euskara ikastea eta euskaraz bizitzea. Hauen sorreratik, milaka ikasle eta irakaslek zapaldu izan dituzte aterpetxeetako logela, jangela eta, nola ez, ikasgelak. Eta gaur egun ere horretan dihardute.

Uda iritsi da eta, urtero legez, AEKren barnetegi eskaintza eta izena emateko epea zabalik dago. Hamaika txanda, hamaika esperientzia eta beste horrenbeste bizipen, denen eskura. Antolaketa lanetan buru-belarri dabil Alba Ayucar (Donostia, 33 urte). AEKren barnetegien arduraduna da. Maialen R. Barcena (Habana, Kuba, 34 urte) AEK-ko irakaslea da eta urte askotan barnetegietan ibilitakoa. Ikasle gisa hasi zuen euskalduntzeko erakundearekin harremana, gainera.

JATORRI EZBERDINETATIK, EUSKALTEGIRA

Alba Ayucar donostiarra da, eta txikitatik hitz egin izan du euskaraz etxean, eskolan, lagunekin, familiarekin… Irakasle Ikasketak egin zituen, eta gaur egun irakasle lanean dabilen arren, ez zehazki berak ikasi zuen arloan. Izan ere, lan bila zebilela Maialen R. Barcenarekin topo egin eta AEKn irakasle bila zebiltzala jakin zuen, eta ideia ona iruditu zitzaion glotodidaktika ikastaroa egitea. Titulua atera zuenetik Amara Berriko euskaltegian dabil lanean eta hasiera batean haurrekin lan egitea helburu zuen arren, helduen irakaskuntza mundua ere asko gustatzen zaiola deskubritu du.

R. Barcenaren kasua guztiz bestelakoa da, Kuban sortu baitzen, Habanan. Bertan komunitate euskalduna zuten eta, gurasoak euskaldunak ez izan arren, euskararekiko eta euskal kulturarekiko maitasuna txiki-txikitatik transmititu izan diote.

Euskara jakin gabe hazi bazen ere, betidanik maitatu izan du hizkuntza, eta Euskal Herrira etorri bezain laster hasi zen euskara ikasten. «Euskaltegian izena eman eta prozesua poliki-poliki egiten hasi nintzen. Euskaltegian, AEKn egon izan naiz Grosen eta Amaran, eta bi barnetegitan ikasle ere izan nintzen. Arantzako barnetegian izan nintzen, hain zuzen ere. Oso prozesu polita, naturala eta zoragarria izan da nire euskalduntzearena», kontatu du.

Euskara ikasten hasi, eta euskaraz maitemindu. Autobusean bere garaiko irakasle batekin topo egin zuen, gaur egun lankide duen irakasle batekin, eta hark galdetu zion ea noiz joango zen euskaltegira lanera. «Ordura arte sekula ez nion nire buruari planteatu ere egin aukera hori posible izango zenik. Irakasle izateko zer egin behar zen galdetu nionean, esan zidan unibertsitateko gradua, EGA eta glotodidaktika titulua atera behar nituela. Hori entzutean nire baitan pentsatu nuen ‘bikain, hiru horietatik zero, ez dut bat bera ere’. Lasai egoteko esan zidan, presarik ez nuela, eta egun horretatik aurrera horixe izan zen nire helburua, horrek markatu zuen nire bidea».

EUSKALTEGITIK BARNETEGIRA

Euskalduntzea prozesu bat dela esan genezake, eta prozesu hori garatzeko bide ezberdinak har daitezke. Ohikoena euskaltegira joan eta klasean euskara ikastea izaten da, baina ikasle gehienek klasea amaitu eta atetik ateratzeko momentuan beren ama hizkuntzara itzultzen dira. Hizkuntza ohitura eta inguru linguistikoak eragin nabarmena izaten du hizkuntza bat ikasteko orduan.

Horretarako balio dute barnetegiek, inguru linguistikoz aldatu eta hizkuntza ohiturak birsortzeko, euskaran murgildu eta euskara hurbiletik eta harrotasunez bizitzeko. «Denetarako astia izaten da bertan, eskolarako, txangoetarako, ekintzetarako, lagun berriak egiteko eta, azken batean, egun osoan euskaraz bizitzeko. Aurrerapauso handia izaten da, beraz, euskalduntze prozesuan», esan du Ayucarrek, AEK-ko barnetegien arduradunak.

R. Barcena ere barnetegietan ibilitakoa da, lehenik ikasle eta gero irakasle. Bere ustetan, barnetegiak norberaren errealitatetik atera eta zerotik hasteko leku aproposa dira. Euskalduntze prozesua naturaltasunez, askatasunez eta lotsarik gabe aurrera eramateko «leku zoragarria». Bertan ez duzu inor ezagutzen, eta ez zaitu inork ezagutzen; beraz, inork ez du zugan espektatibarik. Akatsak egin, ikasi, euskaratik eta euskarazko harremanak sortu… eraldaketa prozesu bat, «oso eraldaketa handia izaten da ikasleen bizitzan. Esango nuke eraldatuta ateratzen direla».

Irakasle hasi zenean ere argi zuen barnetegietara irakasle gisa ere joan beharra zuela, eta hala egin zuen. Bere hitzetan, «zoragarria» izan zen esperientzia. Bere burua ikasleen lekuan ikustean inbidia ere sentitu zuen. «Hain ongi pasatu nuen nik haien lekuan eserita» esan du, baina argi utzi du irakasle gisa ere «izugarri» disfrutatzen dela prozesu horren parte izaten.

BARNETEGITIK EUSKARAZ BIZITZERA

Barnetegiak euskara mailari bultzada handi bat emateko aukera dira. Euskaraz bizitzen ikasteko lekua. Uda honetan ere horretarako aukera izanen du bertara joan nahi duen orok, Arantzan (Nafarroa), Foruan (Bizkaia), Adunan (Gipuzkoa), Urepelen (Nafarroa Beherea) eta Mendikotan (Nafarroa). Euskalduntzea, egiaztagiriak lortzeko azterketak prestatzea, Zuberoako euskalkia ikastea edota seme-alabekin euskaraz mintzatzeko ohitura hartzea izan daitezke xedeak.

Hala, A2tik C1era arteko mailak eskainiko dira Arantzan eta Foruan, eta A1etik C1era artekoak, Urepelen. Bestalde, xiberera ikasteko barnetegia dago Mendikotan, eta familia-barnetegiak eta B1, B2 eta C1 mailak, Adunan. Izena eman nahi duenak aek.eus/barnetegiak atarira jo baino ez du egin behar.

Alba Ayucarren hitzetan, bertarako baldintza garrantzitsuena «euskara ikasteko eta esperientzia bizitzeko gogoa» da. Hortik aurrera, helburuaren arabera edo mailaren arabera barnetegi bat edo beste eskainiko zaio ikasleari. «Etorri nahi duen orori lekutxoa egiten saiatuko gara».

Maialen R. Barcenak azpimarratu du barnetegiko atea zeharkatu orduko lotsa hor nonbait uzten dela eta «konfiantzaz» eta «segurtasunez» beteta ateratzen direla ikasleak bertatik.

Beraz, duela mende erdi Zubietara joan ziren gau eskoletako ikasleen moduan, lotsa alde batera utzi nahi duenak badu aukera. Norberaren eraldaketatik, euskara ikasi, euskaraz gozatu, esperientzia berriak bizi, eta nola ez, euskaraz bizitzera.