2024 UZT. 05 Bost eguneko jai egitaraua Lesakako sanferminetan Lesakara ere iritsi dira sanferminak, eta larunbat eguerdian piztuko duten altxafuegoak emango die hasiera aurtengo jai ospakizunei. Egitaraua bost egunez luzatuko da, asteazkenera arte, eta besta batzordeak ekitaldietan parte hartzeko deia egin du, betiere herria eta ingurua errespetatuz. Zubigainekoa izeneko dantza igande eguerdian izango da. (Andoni CANELLADA | FOKU) GARA LESAKA Iruñeko sanferminetako kopuruetara iritsi gabe, baina asko dira Lesakako jaiez gozatzera Bortzirietako herri honetara hurbiltzen direnak. Horregatik, besta batzordeak hainbat ohar kaleratu ditu herritarrak zein kanpotarrak jai ekitaldietan parte hartzera animatzeko. Hori bai, elkarren arteko errespetua eta herria zaintzeko deia ere egin du eta, bereziki, aniztasuna errespetatzen duten jaien aldeko aldarria zabaldu du, «inolako diskriminazio eta erasorik gabeko bestak» izan daitezen. Ildo beretik, informazioa eta arreta eskaintzeko puntu moreak zabalduko dituztela jakinarazi dute, ostiralean zein larunbatean Albistur kaleko Eskol Ttikin. Halaber, telefono bidezko arreta zerbitzua ere egongo da eskuragarri 722 467 197 zenbakiaren bidez. Bestalde, herriguneko lorategi eta berdeguneetan akanpatzea debekatuta egonen dela gogorarazi du besta batzordeak, eta edalontzi erabilgarriak erabiltzea galdegin die festara batuko direnei, zabor gehiegi pilatzea ekidite aldera. Piroteknia saihesteko deia ere zabaldu dute. Azkenik, jaietan xuri-gorriz janztera animatu ditu herritarrak, sanferminetan ohitura den legez, eta Lesaka euskaraz bizi den herria dela ere gogorarazi du. ASKOTARIKO EGITARAUA Larunbatean hasiko dira sanfermin bestak, jai hasierako txupinazoa eguerdiko 12.00etan bota ostean (uztailak 6), eta jarraian txistulariak, soinulariak, trikitilariak, txaranga eta haur ttikien danborrada irtengo dira. Iluntzeko 20.00etan, aldiz, danborrada nagusia abiatuko da erraldoi eta buruhandien konpartsa, danbor-jole eta herriko bandak ezin hobeto lagunduta, eta eguna amaitzeko, Trikidantz eta Endara DJaren emanaldiak izango dira plaza zaharrean. Igandean, hots, uztailaren 7an, Fermin Donearen egun handia ospatuko dute goizeko meza eta prozesioarekin. Ondoren, ohikoa den moduan, Onin errekaren bi aldeetan Zubigainekoa izeneko dantza aski ezaguna eskainiko dute herriko dantzariek eta, jarraian, Bandera-arbola doinuari dagokion ikurrin-agurra egingo dute zubi gainean. Igande arratsaldean, bezperak ospatuko dituzte, dantzariak, bertsolariak, larrain dantza eta Eztitan taldearekin dantzaldia izango dira. Astelehenean, hilaren 8an, peñen eguna ospatuko dute. Asteartean (uztailak 9) umeek haien egunaz gozatzeko aukera izango dute, eta asteazkenean (uztailak 10) herritarren eguna izango da. Hain zuzen ere, asteazkena izango da sanfermin jaietako azken eguna, eta ez dira faltako betizuak, herri bazkaria eta Bankako Menditarrak zein Puro Relajo taldeen emanaldiak, besteak beste.