GARA Euskal Herriko egunkaria

Filmin eta euskara


Sarri galdetzen didate zein den gehien gomendatzen dudan streaming plataforma. Guztiek dituzte alde onak eta txarrak, eta eduki motaren arabera bata ala bestea nabarmentzen dut. Azken boladan, ordea, esango nuke Filmin dela gehien erabiltzen ari naizena eta, are gehiago, aste honetako albistearen ostean: Pantailak Euskaraz eta Filmin plataforma lankidetzan aritu dira azken hilabeteotan, eta horri esker euskaraz azpititulaturiko 100 lanetik gora gehitu ditu plataformak katalogoan. Ondorioz, Filmin da gaur egun euskarazko eduki gehien eskaintzen dituena. Pantailak Euskaraz taldeak bere kabuz egokitu ditu azpidatzi horiek, eta Herrialde Katalanetako plataformak azkeneko asteetan kargatu ditu bere zerbitzura. “Filmin Euskaraz” atala 2020an jaio zen eta euskarazko 40 izenburu inguru zituen. Egun, guztira, 260 ikus-entzunezko inguru jasotzen ditu katalogoak. Nazioarteko filmei dagokienez, “Vertigo”, “Taxi Driver”, “Fargo” eta “Carlitos Way” ( “Atrapado por su pasado”) erako maisulanak daude, eta euskal ekoizpenen artean “Handia”, “Amama” edota “80 egunean” harribitxiak. Bide batez, Zernonikusi.eus egitasmoa ere azpimarratuko dut, euskaraz zer dagoen topatzeko zailtasunak dituzuenontzat oso erreminta baliagarria izan baitaiteke: sailkapen zehatz bat erabiliz, streaming plataformetan, sarean eta zinemetan, euskaraz dauden edukien zerrenda eskaintzen du.