GARA Euskal Herriko egunkaria
GAIAREN IZENBURUA
Elkarrizketa
PEIO DUFAU
Fronte Herritar Berriko diputatu abertzalea

«Lehen ministro nor izango den ez da lehentasun bat EH Bairentzat»

Seigarren hautesbarrutiko herritarrek Frantziako Asanblearako Fronte Herritar Berriaren diputatu hautatu zuten Dufau. Astelehenean izan zuen bere lehen eguna Parisen. NAIZ Irratiari emandako elkarrizketan euskal agendan jarriko duela indarra azpimarratu du. Lehen ministroaren izendapenaz, pertsona bakarrak ez duela dena aldatuko nabarmendu du.

(Guillaume FAUVEAU | FOKU)

Fronte Herritar Berria suertatu zen garaile pasa den igandeko Frantziar Estatuko hauteskunde legegileetako bigarren itzulian Ipar Euskal Herriko hiru barrutietan. Seigarrenean, lehia estua tarteko, Peio Dufau EH Baiko ordezkaria izan zen hautatua Frantziako Asanblearako diputatu. Abertzale bat, eta langile xume bat, Parisen ordezkari izatea historikoa da. Atzo hexagonoko hiriburura bidaiatu zuen Collette Capdeville eta Iñaki Echaniz bosgarren eta laugarren barrutietako hautetsiekin batera, kargu berriko zereginei heldu asmoz, eta «elkarlanean nola funtzionatuko dugun jada hausnartuz».

Estatu frantsesean ere, eta inkestek iragarritakoaren aurka, Fronte Herritarrak irabazi zituen hauteskundeak, ultraeskuinari muga jarrita hirugarren postura bidaliz. Macronen aldeko blokeak ere eustea lortu zuen, esperotakoa baino emaitza hobeak lortuz, bigarren suertatu baitzen.

EUSKAL AGENDA LEHENTASUN

Idatzita ez dagoen legearen arabera, presidenteak epe motzean lehen indarreko ordezkari bat izendatu beharko luke lehen ministro. Emmanuel Macronek, ordea, ez du egungo lehen ministro Gabriel Attalen dimisioa onartu, eta ezkerreko blokean oraindik ez da hautagairik adostu. Dufauk NAIZ irratiari azaldutako moduan, ika-mika hori ez da EH Bairen lehentasuna: «Lehentasuna gure gaiak Asanbleara eramatea da; etxebizitza, tokiko laborantza, euskara, lurraldearen aitortza... Ez dugu sinesten pertsona bakar batek dena aldatuko duenik».

Euskal Herriaren ahotsa eraman nahi du Parisera Dufauk, eta, zentzu horretan, kanpainan zehar mahai gainean jarri dituzten erronkak eta euskal agenda izango dira bere jardunaren ardatz. Lehenik, etxebizitzaren afera jorratuko du. Dufauk gogora ekarri du Iñaki Echanizek etxebizitza turistikoekin loturiko lege proposamen bat abiatu zuela, baina, bozkatua izan zen arren, ez zela bururaino eraman. «Denok elkarrekin bultzatuko dugu berriz ere proposamena. Lehen urrats bat hori izango litzateke».

Bigarren eta hirugarren urratsak ere izango dira, noski. Tokiko laborantza-politikei heldu nahi die Dufauk. Horrez gain, euskara ere lan-ildo garrantzitsua izango da. Hartara, aliantzak bilatuko dituzte, eta aitortu du epe luzeko lana izango dela, «ez da egun batez eramanen». Euskaraz gain, Estatu frantseseko beste hizkuntza gutxituen inguruan ere kontsentsuak bilatuko dituztela nabarmendu du.

ELKARLANA ETA SINERGIAK

Elkarlanaren eta sinergien garrantzia balioan jarri du Dufauk, eta bere inguruan izan diren politikarien eta esperientzien inguruan hausnartu du. «Niretzat inspirazio bat dira Jean Etcheverry-Aintzart -lehen aldiz Ipar Euskal Herriarentzat autonomia estatutu bat proposatu zuen diputatua, Garat anaiek euskal departamendua aspaldian eskatu bezala- eta Sylvaine Alaux diputatu ohi sozialista, bake prozesuan nabarmendu zena; sindikatuarekin lagundu nuen, bai».

Hauteskunde kanpainako Ziburuko mitinean, adibidez, EH Baiko diputatuak oholtza gainean ondoan izan zuen Etcheverry-Aintzart. Sylviane Alaux diputatu ohi sozialistak bakegintzan izandako inplikazioa ere esanguratsua izan da Dufauren eskualdean. Ildo beretik egin nahi du berak lan.

Ipar Euskal Herrian eragile asko direla-eta, haien proposamenak entzun, aintzat hartu eta Parisera eramango dituztela azaldu du, legeak proposatzeaz gain, gaiak ere mahai gainean paratuz. «Eraikitzea» eta «Euskal Herriko bozgorailu» izatea dira bere asmo nagusiak. «Lana egin behar da ondoko hiru urteetan. Bost urterako hautatu gaituzte, baina pentsatzekoa da Macronek 2027ko presidentzialak galtzen baditu Asanblada disolbatuko duela; ongi lan egin behar dugu, badakit, eta efikazak izan».

Sindikalgintza munduan garatu du bere militantzia nagusiki Dufauk. SNCFeko trenbideetako lankideek oraindik mezuak bidaltzen dizkiotela dio, diputatu hautatu izana ezin sinetsita daudela, «baina harro ikusten ditut». Halere, une historikoaren garrantziaz jakitun, trenbide sareko enpresako langileen bozka asko jaso dituztela azaldu du, «tradizio komunistakoak gehienbat; gure alde bozkatu dute, horretan ez da dudarik».

Musikaria ere bada Dufau, gitarra-jolea, baina orain denbora gutxiago eskaini ahal izango dio afizio horri. Hainbat taldetako gitarra-jolea izan da: Izate edo Iluma taldeetan. Ilumarekin -”iluna” eta “luma” hitzen jokotik, «gaueko luma» gogora dakar, eta nahi den interpretazioa eman- azken-aurreko kontzertua Baionako besten lehen egunean izango da. Udazkenean emango diote amaiera ibilbideari.