GARA Euskal Herriko egunkaria

Inoiz baino goizago egingo diete harrera Bizkaian Karmengo festei

Inoiz baino goizago -uztailaren bigarren asteburuan- jarriko dira martxan aurten Bizkaiko Karmengo jaiak. Markina-Xemein eta Santurtzi izango dira txupinazoa botatzen lehenak (gaurko egunarekin) eta ondoren etorriko da Barakaldoren eta Santutxuren txanda. Denetan egongo da zer jan, edan, entzun, dantzatu, ikusi, sentitu...

Barakaldoko kuadrillen jaitsiera, 2022an. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Markina-Xemeingo txupinazoa gaur 18.15ean botako dute Akerbeltz gaztetxeko kideek, 15. urteurrena ospatzeko. Gero, Alarabiren kalejira abiatuko da buruhandi eta txistulariekin; txosnagunetik hasita kuadrillen bizikleta-kalejira egingo dute elektrotxarangak lagunduta; eta gero, danborrada Bekobentatik hasita.

Jai egitaraua bost egunekoa izango da, asteartera artekoa. Biharkoa indartsu dator, kuadrillen egunarekin, eta astelehena haurrei eta gazteei zuzenduta egongo da. Musikari dagokionez, euskal talde ezagunak izango dira oholtza gainean: Unidad Alavesa, Arkada Social eta Sua (gaur bertan), Esne Beltza (bihar), Tapia eta Leturia & Banda (igandean) eta Amooma eta Leihotikan (astelehenean). Azken egunean, bertsolarien eta Lekittoko Deabruen emanaldiak izango dira, Alarabi erre eta jaiei amaiera eman aurretik.

Santurtzin ere gaur hasiko dira jaiak eta lehenbiziko txupinazoa txosnagunean botako dute 19.00etan, Zugaitza dantza taldearen eskutik. Une horretan, Sardinoren aurkezpena egingo dute eta txosnak irekita geratuko dira. Txupinazo ofiziala 22.00etan izango da udaletxean, “Festako erregeak” kuadrillaren eskutik. Ondoren, Mentxuri harrera egingo zaio udaletxean.

Egitarauak bi asteburu hartuko ditu, uztailaren 21era arte. Aurreko urteetan bezala, adin eta gustu guztientzako ekitaldiak antolatu dira eta ez dira faltako kuadrillen arteko lehiaketak, txapelketa gastronomikoak, kirol ekitaldiak, antzerkia, dantzak, bertsolariak eta musika, herriko zein kanpoko taldeekin. Itsas prozesio famatua Karmen egunean egingo da (asteartea 16).

ETA BIHAR...

Barakaldoko jaiak bihar hasiko dira, Laguntasuna taldeak irakurriko duen pregoiarekin eta Ekologistak Martxan-ek botako duen txupinazoarekin. Hori 20.15ean izango da, baina lehenago herriko kuadrillak bildu eta jaitsiera egingo dute Jolin eta Deabrurekin batera, aurten ibilbide berri batetik.

Ezkerraldeko hiri honetan ere egitaraua bi asteburuz luzatuko da, hilaren 21era arte. Guztira, 300 ekitalditik gora antolatu dituzte jai batzordea osatzen duten 60 elkarteek eta adin talde guztiei zuzenduta egongo dira: antzerkia, haur jolasak, adinekoen bazkaria, pilota partidak, artisautza azoka, euskal dantzen erakustaldia… Eta jakina, musika, honako taldeen eskutik: Gorka Urbizu, Los Toreros Muertos, Orkestra En Esenzia, Belen Aguilera, Bulego eta Iseo & Dodosound, besteak beste.

Santutxun ere prest dute egitaraua, bihartik 21era. Pregoia eta txupinazoa 20.30ean izango dira; oraingo honetan Palestinari elkartasuna adierazteko ekitaldia izango da.

Ohitura den bezala, Santutxuko jaien menuan ekitaldi gastronomikoek garrantzi berezia izango dute eta aurten bakailaoa pil-pilean, marmitako, pasta, paella, koktel, tortilla, postre eta sukalki txapelketak izango dira.

Musikari dagokionez, aipatzekoa da aurten herriko taldeen arteko VIII. maratoia egingo dela, eta datorren ostiralean, uztailak 19, maratoiaren irabazlearen eta Belakoren emanaldiak izango direla.

Biharamunean Alarma Morea eta Raimundo El Canastero taldeak izango dira oholtzan.