GARA Euskal Herriko egunkaria
HAUTESKUNDEAK AMERIKETAKO ESTATU BATUETAN

Agerraldi indartsu batekin berretsi du Bidenek hautagai izateko asmoa

Joe Bidenek Donald Trumpekin izandako eztabaida tamalgarriaren ostean piztutako ekaitzean, bazterrera egiteko deiek ez dute etenik, baina ez dira uholde bihurtu. NATOren goi-bileraren amaierako agerraldian AEBetako presidentea indartsu agertu zen ia ordubetez, galdera ugariri erantzunez, lapsus nabarmen pare bat egin arren. Hautagaia bera izango dela berretsi zuen.

Joe Biden presidente estatubatuarra, ostegun gaueko agerraldian. (Mandel NGAN | AFP)

Bi aste ziren ostegunean Joe Bidenek bere karrerako agerraldi makalena egin zuenetik CNN katean antolatutako debatean. Hamabost egunotan Etxe Zuriko maizterrak entzungor egin die etengabe baina tantaka iristen joan diren alderdikide kritikoen mezuei, auzia itxita dagoela eta demokraten presidentegai onena bera dela esanez. Hala, NATOko goi-bilera Washingtonen izanik asteon, bazirudien barealdi txiki bat zegoela bilkura amaitu artean, eta horregatik, ikusmin handia zegoen Bidenek ostegunean egin beharreko prentsaurrekoarekin.

Bidenek nazioartean dituen lagunik estuenei egin die harrera egunotan AEBetako hiriburuan; besteak beste, Finlandiari eta Suediari ongi etorri egiteko, NATOko kide berri gisa. Testuinguru horretan, demokrata gehienek ulertu dute itxura txarrekoa litzatekeela Bidenek, Emmanuel Macron, Keir Starmer eta gainerako aliatuak etxean jaso dituenean, bazterrera egingo duela eta ez dela hauteskundeetara aurkeztuko iragartzea.

Alderdi demokratan, horrelako goi-bilerara bitarteko balizko «su-eten» hori, ordea, berehala amaitu eta, batzuek iragarri bezala, Biden erretiratzeko eskaera uholdea iritsi beharko litzateke.

Baina duela bi astekoa bezalako beste agerraldi tamalgarri bat espero zuenak, Biden erretiratzeko behin betiko akuilu bihurtzeko, presidente indartsu batekin egin zuen topo ostegunean, argudio eta ideietan zorrotz, bere lana sutsu defendatzen eta azaroan boto-paperetan egotea aldarrikatzen. Litekeena da hedabide askoren fokua ostegunean Bidenek egindako bi lapsusetan jartzea; ez dira akats hutsalak Zelenskiri Putin deitzea (Biden laster ohartu eta zuzendu zuen esandakoa), ez eta «Trump presidenteordea» esatea Harris esan beharrean (eta ohartu ere ez egitea).

Baina antzekoak etengabe egiten ditu Trumpek ere, ia inork kargu hartu gabe. Argudiatu daiteke Bidenen hitz eta keinu bakoitza zehatz-mehatz aztertzen dela, baina ekainaren 27ko agerraldia mugarria izan zen. Herenegun, bizitzako prentsaurrekorik garrantzitsuenetakoa izan zuen Bidenek ziur aski, eta ondo moldatu zen, ez zien argudio berririk eman alderdikide kritikoei. Baina lehian jarraitzeko asmoa baldin badu -eta hala dirudi, zalantzarik gabe - jakin beharko du datozen lau hilabeteetako mitin eta agerraldi bakoitza berdin-berdin aztertuko dela, akats txikienean ahultasunik izan den argitzeko.

«KONTROLATU ARMAK, EZ NESKAK»

Oro har, indartsu agertu zen ostegunean. Ia ordubeteko agerraldia izan zen hainbat kazetariren galderei erantzunez. Behin eta berriz berretsi zuen bera zela Trumpi irabazteko onena; datu ekonomiko onak erakutsi zituen, nazioarteko gaietan buru-belarri sartu zen, etxekoetan ere bai, ezeri iskin egin gabe, sendo defendatu zuen azken hiru urte eta erdiko bere jarduna. «Kontrolatu armak, ez neskak», gaztigatu zien errepublikanoei, abortuaren eta armen gaian defendatzen dituzten askatasunak parez pare jarriz. Arratseko une gorenetakoa izan zen -ahotsa goratu eta mitineko jarrera hartuta-. Bi galdera aski desberdin egin zizkioten kazetariei ere (Ukraina, Gaza eta Asia batetik, barne-politika bestetik) erantzuten asmatu zuen.

Laburbilduta: Biden makal eta galdu bat agertuko duen beste agerraldi baten zain dagoenak, beste hautagai bat behar dutela aldarrikatzeko, zain jarraituko beharko du. Gertatzen da, baina, ia ez dagoela astirik. Beraz, herrialdea hondamendira eta demokratak porrotera doazela sinetsita dagoenak bizkor ozendu beharko du ahotsa. Oraingoz, Bidenek berean tematuta dirudi. Bai, esan zuen Kamala Harris ere presidente bikaina izango litzatekeela, baina ez bere lekua hartzeko hauteskunde-kanpaina honetan, hura irabazi ostean baizik.

Hedabideetan ez dago beste gairik azken aste biotan, baina alderdiaren baitako ordezkarien aldetik tantaka iritsi dira Biden ordezkatzearen aldeko ahotsak. Etengabe, gero eta gehiago, baina oso banaka. Atzo eguerdira arte hemezortzi kongresukide ziren; hau da, %10 baino gutxiago. Batzuek iragarritako uholderik ez da gertatu oraingoz. Agerian dagoena baino askoz gehiago da ezkutatzen dena, bistan da, eta Washingtonen zurrumurrua da nagusi.

George Clooney aktore eta Hollywooden demokraten aldeko diru-bilketaren bultzatzaile nagusietakoak “New York Times”-en idatzitako artikuluak («Joe Biden maite dut. Baina beste hautagai bat behar dugu») Barack Obamaren oniritzia izan zuen, Politico-ren arabera. Kontua ez ei da Obamak bultzatu zuela Clooney idaztera, baina aktoreak erakutsi eta iritzia eskatu omen zion aurretik presidente ohiari. Nancy Pelosi da alderdiko beste ahots garrantzitsuenetakoa, eta Biden ordezkatzearen alderantz doala badirudi ere, aski anbiguotasunez egiten ditu oraindik adierazpenak.

TRUMPEN ISILTASUNA

Bitartean, Trumpek -eta haren aholkulariek - asmatu dute isilik egoten azken bi asteotako zati handienean: aurkaria odolusten ari bada, ez sartu tartean eta utz iezaiezu arreta bereganatzen.

Azken batean, datorren astean bertan berreskuratuko dute errepublikanoek oihartzun mediatikoa: konbentzio errepublikanoa dator, Trumpi gurtzak gainez egiteko unea eta, bidenabar, bere presidenteorde izateko hautagaia aurkezteko momentua.

Lau hilabete falta dira hauteskundeetarako, eta pentsa liteke Biden ez dagoela hain atzetik inkestetan. Baina ez da ahaztu behar duela lau urte hamar puntuko aldea zeukala Bidenek; Hillary Clinton ere aurretik joan zen kanpaina guztian eta, amaieran ere boto gehiago bildu zituen arren, Trumpek lortu zuen Etxe Zuria. Hau da: AEBetako hauteskunde-sistemaren ondorioz, demokratek askoz boto gehiago behar dituzte irabazteko. Berdinketa izanez gero edo demokratek alde txikia dutenean litekeena da errepublikanoak izatea garaile, gailendutako estatu-kopuruaren ondorioz.

Orain arteko narratibaren arabera, presidentea hautatzeko behar diren 270 ordezkarietatik 226 lituzke Bidenek, eta Trumpek, 219. Zazpi estatutako ordezkariak falta dira hor, eta horregatik egiten dute apustu berezia alderdiek Pennsylvanian, Michiganen eta gainerako bost estatuetan. Azken egunotako barne-eztabaiden ostean, alabaina, demokratek segurutzat jotzen zituzten zenbait estatutako arduradunak oso kezkatuta agertu dira, Virginia, New Hampshire edo Minnesota bera galtzeko arriskua agertzen baitute inkestek.

Horren ondorioa ez litzateke Etxe Zurian porrota soilik, baita Senatuan eta Ordezkarien Ganberan aulki ugari galtzea ere; errepublikanoak erabateko gehiengoaz geratuz boteregune guztietan. Kontrabotererik gabe, abortua bezalako gaietan ia nahierara jokatzeko atea irekiko lieke horrelako gehiengo batek. Ondorioz, aulkia doi-doi lortu zuten kongresukideak dira, batez ere, Joe Bideni bazterrera egiteko eskatu diotenak.