2024 UZT. 13 Azterketa Estibalitz EZKERRA Literatura kritikaria Ghassan Kanafani Mossadek hil zuela 52 urte bete dira asteon. Ekialde erdialdeko komunikabideek gogorarazi didate urteurrena, idazle eta politikari palestinarraren gainean idatzitako soslai aberatsen bidez. Ia ahaztuak nituen zenbait detaile aipatzen zituzten; esaterako, Kanafaniren familiaren jatorri kurdua (jazarpenean bizi den beste herri bat) edota 1955ean Damaskoko Unibertsitatean ikasle zela idazten hasitako “Arraza eta erlijioa literatura sionistan” tesia, gerora, bere jarduera politikoagatik unibertsitatetik kanporatua izan ostean, “Literatura sionistaren gainean” (1967) izenburupean argitaratuko zuen liburuaren oinarri izango zena. Azken horretan, XIX. mende amaieran eta XX. mende hasieran Palestinaren kolonizazio sionista argudiatzen eta defendatzen duten fikziozko lanak aztertzen ditu Kanafanik, baita lanok Mendebaldeko irakurleek sionismoari buruz duten iritzian eragin zutela azaldu ere. Mendebaldean kanonikotzat jotzen diren idazleak eta nobelak dira Palestinako egilearen azterketa zorrotzaren oinarri, batere harrigarria ez dena. Harrigarria ez den bezala liburu hau ia ezezaguna izatea Mendebaldean, nahiz eta literatur ikasle zein irakasleentzat (gutxienez) derrigorrezko irakurketa izan beharko lukeen. 2022an agertu zen lehen itzulpena, arabieratik ingelesera zehazki.