GARA Euskal Herriko egunkaria
BILBAO BBK LIVE

Euskal taldeentzat justiziarik ez BBK Live-n

Euria izan zen protagonista atzo goizean Bilbo eta inguruetan, eta horregatik erlojuaren aurka aritu ziren elektrikariak Kobetamendiko eremua zabaldu aurretik BBK Live-ren bigarren egunean. Eta lortu zuten dena txukun jartzea, ur putzuak ez baitziren gutxi Bilboko mendian. Dena dela, jendeari igotzeko nagia eragin zion zeru grisak.

Silitia biko bizkaitarrak atzoko emanaldiei hasiera emateko ardura izan zuen. (Mikel MARTINEZ | FOKU)

EZEZEZ eta Silitia ziren atzo jaialdiari hasiera eman behar zioten bi taldeak. Silitiaren introa eta bisualak barrura, arratsaldeko bost eta erdietan. Deseroso sentiarazten zuen soinuz eta erritmoz betetako intro bat, beren estetika bereziarekin. Mexikar trabestituak ziruditen eta abesterakoan Silicatok jota-abeslari baten postura hartu zuen. Diskoan bezain fidela da soinua Silitiaren zuzenekoan, “disfrutoi” izango litzateke gehien egokitzen zaien adjektiboa. Publikoaren artean ere aniztasuna zen nagusi: punk izpirituko jendea, LGTBIQ+ komunitatekoak, helduagoak, gaztexeagoak... Kartelen bat ere atera zuen zaleren batek.

EZEZEZ taldekoek ere disko berria aurkeztu zuten Kobetamendin. Musika dantzagarria egiten dute, freskoa. “Dutxita” hartzeko beldurrik bazen bildutakoen artean, baina euriak guztia errespetatu zuen San Miguel oholtzan.

Pantaila handian Unai Madariaga aurpegia margotuta ageri zen, eta “Txakurtxo” izan zitekeena zeraman kamiseta bat soinean zuela. “Eskerrik asko etortzeko” jartzen zuen aurrealdean eta “Irailak 19 Kafe Antzokia” atzeko aldean. Promo ibiltaria.

STR TALDEAREN APUSTUA

Bederatzikoa oholtzan, haize sekzioan saxo baritonoa, tenorea, tronpeta eta tronboia. Bateria, sinteak, gitarra, baxua eta bi abeslari. Apustu serioa, inondik ere, STR bizkaitarrena. Okasio berezia zen eta horregatik ekarri zuten haize sekzioa Kobetamendira. Instrumentu eta abeslari aldaketak, estilo aldaketak... oso dinamikoa izan zen emanaldia.

“Maitasunaren mina” eta “Galdu ez baduzu” izan ziren azken bi kantuak. Baina azken sorpresa bat zuten, “Zai” kantua falta zen... eta Mendiola oholtzara igo zen. STRk abesti honen bueltan egin zuen lan osoa sekulakoa izan zen garaian. Zuzenean beste estilo bat hartu zuen atzo kantuak: urbanoa zuzenekoetara eraman eta bateriarekin janztean gertatzen diren kontuak.

MELENAS ERE, BIKAIN

’Nagusia” oholtzan eguneko lehen taldea ere Euskal Herrikoa izan zen, Melenas talde iruindarra. Sanferminetako ajerik ez itxuraz emakume kuadrillak, nahiz eta hilaren 9an zer ospatu izango zuten ziur.

Elkarrengandik gertu agertu ziren oholtzaren erdi-erdian, argi diseinu handiegirik gabe, musikak hitz egin zezan beren emanaldiari buruz. Euri eta guzti bertaratu zirenei eskerrak eman zizkien Oihana Herrerok. Pozik zen kontzertuaren ostean.

Mushroom Pillow zigiluarekin dabiltza eta disko honekin ere Europa zeharkatu dute. Baina atzo Bilboko lagunen aurrean ari ziren eta hori beti da berezia. Sinteak, pedalak, efektuak, teknikariaren lanak ere fina behar du izan kantuak diskoan diren antzera entzuteko, eta lortu zuen, betiere erraza ez den jaialdi bateko eremu nagusian. “Bang” hipnotikoa izan zen horren adibide garbienetako bat. Udazkenean berriz ere munduan bueltaka ibiliko dira iruindarrak, nahiz eta, esan zigutenez, uztailaren 9ko Iruñeko Gaztelu plazako emanaldia ez duten berehalakoan ahaztuko.

Parcels, Albert Pla, Grace Jones eta Derby Motoreta’s Burrito Cachimbaren emanaldiek gau luzea zetorrela aurreikusarazten zuten. Jende kopurua ere nabarmen ari zen handitzen Kobetamendin. Gaur azken errematea.