GARA Euskal Herriko egunkaria
BILBAO BBK LIVE

EL COLUMPIO ASESINOK AGUR, ZEA MAYSEK DIStIRA

Euskal Herriko bi taldeek sekulako kontzertuak eskaini zituzten BBK Liven 2024ko azken jardunaldian. Gaua sartu aurreko uneetan, etxeko taldeek kartelburu izateko arrazoiak eman zituzten beste behin ere. Nazioarteko artistek albotik entzun bazituzten, gozatu ederra hartuko zuten, ziur. Dotore bukatu zen aurtengo BBK Live.

Zea Mays taldearen kontzertua atzo Kobetamendin. (Mikel MTZ DE TRES PUENTES | FOKU)

Larunbata, 17.30, Kobetamendi nahiko hutsik. Oki Moki garaiz hasi zen arren, Airukoek itxarotea erabaki zuten. Edo hori erabaki zuen norbaitek behintzat, soinu froga luzatu egin baitzitzaien. Negutegian beroa egiten zuen eta berotasun horren bueltan berrogeita hamarren bat lagunen aurrean aritu ziren Oki Mokikoak beren surf-rock eta punk doinuak lantzen. Esperimentazio gutxi atzokoan.

Penaz agur esan behar izan genion Oki Mokiri, Airu ere oholtzan zelako eta zuzenean ikusi gabe ginelako atzo arte. Negutegian baino jende gehiago zegoen, baina ostiralean gertatu bezala, merezi baino gutxiago. Lehen diskoa osorik aurkeztu zuten atzo Airu taldekoek, “Con lo bueno y con pena”, baina TOC taldearen “Anegauta” bertsionatu zuten eta udazkenean aterako dela esan zuen Vegak. Atzetik aurkeztu zuten abestiarekin batera etorriko den singlea, bi estilo desberdin. “Coloco los pies” dantzagarriarekin agur, gerturatu zirenak pozik ziren.

AIORA, BENETAKO LEHOIA

Beroketa lanak ongi bete zituzten Good Neighbours eta Alcala Norte taldeek. 19.20an, betiko introa erabili zuen atzokoan Zea Maysek, Yann Tiersenen “Le Vals D'Amelie”, publikoan bikote bat fandangoa dantzatzen hasi zen, irribarretsu, baltsaren konpasa aprobetxatuz. Lentejuelazko soineko beltza eta bota gorri-gorriak jantzita eta lorea buruan zuela Aiora, eta beste hirurak ere pozarren agertu ziren oholtzan.

“Adore” izan zen lehen abestia, energia dosia. Azken konpasetan Aiora korrika irten zen oholtzatik, entzuteko arazoren bat izan zuen itxuraz. Segituan konpondu zuten dena eta normaltasunez joan zen bukaeraraino. “Kuraia” kantua barruraino iristen den horietakoa da, eta hala izan zen, une benetan ederra eta hunkigarria. Aioraren gaitasuna itzela da, eta eztarrian korapiloa ere jarri zitzaigun, abestia sortu zen garaiaren bueltan bizi izan zuen guztia gogoratuta. “Kemena” jo zuten segidan, trilogia ixteko, eta abestiaren erritmoak eta Aioraren irribarreak dena goxatu zuen segituan. “Negua joan da ta” etorri zenean, mugikorrak zerura igo zituzten ikusleek istanta hartzeko. Izpi txikiak eguzkiarenak izan ziren kantuak iraun zuen denboran, sekulako distira zuen talde baten atzeko aldean agertu baitzen Kobetamendin. Txorakeria gutxi, teknikoki behar askorik sortu gabe eta kontzertu borobilenetakoa eskaini zuen aurtengo BBK Liven edizioan talde bilbotarrak.

COLUMPIOREN AGURRA

Txalo batzuk jo eta, Nagusia oholtzara iristen ari ginela, Jaime Nieto oholtzara sartu zen. Cris Martinez publikoaren harremana bilatuz hasi zen lehen istantetik.

Eroso egon zitekeen Nagusia gunean, baina betekada batetik gertu ginela nabari zen, buruz betetako itsasoak inguratzen gintuen. Dena orekatuta entzuten zen, une bakoitzean atentzioa zuk nahi zenuen horretan jarri eta garbi nabaritu zenezakeen.

“Huir” kantuan, aurrean zuen pasarelara atera zen Cris, dantza eginez publikoa goian jarri zuen; kantuak berak duen sentsualitate propioaz baliatu zen horretarako. Bazekien bukaera iristen ari zela, eta betiko gogoratuko dugun “Toro” jo behar zutela berehalakoan. Tartean, ordea, 60ko hamarkadako ukitua duen “Preparada” etorri zen. Aske, dantzan eta izerditan Cris, disfrutatzen. Atzera pausoa eta gitarra lepora Crisek. Kobetamendin azken aldiz, hankaz gora jarri zuten guztia “Toro”-ren lehen unetik azkeneraino.

Kantutzarra eta agurra. Gaua hasi besterik ez zen egin BBK Liven, eta dagoeneko dena oso goian zegoen. Slowdive, Jungle, Kiasmos, Alvvays, Mujeres eta Arcade Fire, urtero bezala John Talabotek itxiera eman arte. Datorren urtean, gehiago.