2024 UZT. 17 Fernando Garate eta Estrella Gomararen bildumako 30 lan, Photomuseumen “Norberak, berez, bere kabuz jokatzen duena baino jokatuagoa da”. Hauxe da Zarauzko Photomuseumen ateak ireki dituen erakusketaren izenburua. Fernando Garate eta Estrella Gomararen “Modus Vivendi” bildumako hogeita hamar bat lan biltzen ditu. June Crespo, Txomin Badiola, Manu Muniategiandikoetxea, Jose Ramon Amondarain eta Ana Laura Alaezen obrak aurkituko ditu bisitariak, beste hainbaten artean. «Modus vivendi» bildumako artelanak aurki daitezke Photomuseumen. (Aitor ORTIZ) GARA ZARAUTZ Urte luzez ari dira Fernando Garate eta Estrella Gomara arte bilduma pribatua osatzen. Horren lagin bat publikoarekin partekatuko dute uda honetan. Izan ere, “Modus vivendi” bildumako hogeita hamar lan ikusteko aukera eskaintzen du Zarauzko Photomuseumek. Jordi Alcaraz, Jannis Kounellis, Leandro Feal, Eugenio Ampudia, Karmelo Bermejo, Ibon Mainar, June Crespo, Unai San Martin, Alba Galocha, Nobuyoshi Araki, Thomas Ruff, Sergio Prego, Txomin Badiola, Esteban Vicente, Manu Muniategiandikoetxea, Ana Laura Alaez, Jonathan Lasker, Manuel Hernandez “Mompo”, Damaris Pan, Aitor Ortiz, Llorenc Ugas, Unai San Martin eta Jose Ramon Amondarain dira erakusketa osatzen duten egileak. Azken honek, Garate eta Gomararen enkarguz, erakusketa zein katalogoaren edizioa bilduko dituen proiektua egin du. Erakusketan hautatutako lanak ez daude gai jakin baten mende, ezta lanek berez osa dezaketen sareaz harago doan ezein proposamenen mende ere. Erakusketak argazkiak, pinturak eta eskulturak biltzen ditu. «Beren karga emozionalak dituzte, memoria, irudimen eta desioarenak, subjektu baten bila. Lan hauek subjektibotasun anitzak dituzte gainjarrita, begiradaren eremuak uzkurtzen dituztenak. Pieza bakoitzak gertuen duen oro tentatzen du, ikusleak lotura induzitu eta desplazatu batean parte har dezan», idatzi du Amondarainek. Erakusketaren izenburuari dagokionez, hau dio: «Ez da erakusketa azal dezakeen ardatza. Aitzitik, zentzu bat du berez, eta funtzionamendu autonomo bat, eragiketa paralelo gisa sartzeko eta irteteko aukera ematen duena. Gauzen joeran arreta jartzea eta denbora indibiduala mugimendu transpertsonalean gertatzen dela sentitzea proposatzen du». Argitalpenak Garatek eta Gomarak bildumagile gisa aurrera daramaten jarduera indartzeko balio izatea nahiko luke Amondarainek, «azken 44 urteetan erakutsi duten erantzukizun eta konpromiso berarekin». Helburu horrekin, edizioa aberastu nahi izan dute Ana Laura Alaez eta Txomin Badiola gonbidatuz, testu bana idatz dezaten. Bi kontakizun gehitu zaizkio argitalpenari. «Proposamenak ez du zerikusirik erakusketarekin, asmoa baita argitalpenarekin batera biltzea erakusketaren katalogazioa eta bi kontakizun argitaratu gabeak», argitu du. «Transformazio beharrak pizten dituen prozesuek eta desioek proposamen irekiak izaten amaitzen dute. Honelako ekimenek erresistentzia egin nahi diote esanahiaren munduari, horrela, eskuartean dugun hori behin eta berriz kolpatu ahal izateko», gaineratu du. Irailaren 1era arte daude ikusgai artelanak. ARRETA«Izenburua ez da erakusketa azal dezakeen ardatza. Aitzitik, zentzu bat du berez, eta funtzionamendu autonomo bat, eragiketa paralelo gisa sartzeko eta irteteko aukera ematen duena. Gauzen joeran arreta jartzea eta denbora indibiduala mugimendu transpertsonalean gertatzen dela sentitzea proposatzen du».